GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Bestelako normalitatea, honetan

Ajea kendu ezinean abiatu da urte berria. Urte zaharrak azken hatsaldira heldu aurretik zeukan normaltasunerako bidean da orain urte berria, eta bidea egiten joango da bere azken hatsaldira heldu arte. Balizko normaltasuna. Hain da anormala gure ohiko normalitatea! Ea aurton normaltasun hori eraldatzen urratsik ematen dugun. Tira, harira! Etxeko postontziak hasiak dira berriz ere espazio librea izaten, aste batzuetan gainezka gatibu egon ondoren. Hau kolpea! ez nekien hainbeste lagun ezezagun nuenik! Kasualitatea gero, denak urtearen hondarrean neure postontzira bildu izana! Joan diren egunotan postontzia kanpotik ikusten nuen bakoitzean intxaurrena zetorkidan burura: gabon-txartelak urrunetik hamalau, urreratu, zabaldu eta hostia! ehun eta lau. Hori txarteletan, atera kontuak izarretan! Izan ere, ikusiak ikusi, txartelotara bildutako milaka izar nonbaiteko ortzitik hartuak, ostuak akaso, izan behar zirela pentsatu nuen. Zer demontre ikusiko zuten joandako egunotan gabonak ospatzen ez dituzten herrialdeetako umeek gabez zerura begira ikusi-makusian? Meteosat baino ez, seguruenik. Edo espaziuntziren bat, euren soroei argazkiak ateratzen.

Joana da urteen arteko zorabialdia. Eramanak dituzte gameluak zoora, berriro ere, eta hantxe utziko, bazka transgenikoan, hurrengo desfilearen zain. Lastima, ez dituzte erregeak gameluen leku berera eraman. Horiek behar zuten han, eta gameluek desertuan. Nor berean, eta batzuk libre, gainera. Etxeetako tximiniak libre dira orain, berriz ere ke presoaren iheserako libre. Bestelakoa da bankuetako tximinietatik etenik gabe isurtzen den zera. Jada hasiak dira balkoietan urkatuta egon diren olentzeroak askatzen, Iruñean urte osoan ofizialki urkatuta mantentzen badute ere. Bonbillak baino ez daude, momentuz, kalean urkaturik. Baina horiek ere laster batean askatuko dituzte edo, eta udal-gordailuetako zoo antzekora bilduko ere. Eta bitartean hortxe dira, kaleen izkinetan, kolore desberdineko ontziak elkarren ondoan, hasperen goxo batean; joan berriko egunak eman dituzte arnasa hartu ezinean, hatsean... zaborrez mukuru. Arnasgarriagoa izan da, guztiz, udalerri batzuetako ateen ondokoa. Ez da helburua, bai helbidea, ordea. Bestelako normaltasunera daroan helbidea. Bestelako normalitatea posible delako, mundu honetan posiblea izan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo