GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

PATAGONIA | Jarduera

Ezohiko eskalada bikaina Cerro Piergiogio-ko eki aurpegian

Will Sim eta Jon Griffith britainiarrek eguraldi oneko leiho txiki bat aprobetxatu zuten Patagoniako jarduera hori estilo alpinoan egin ahal izateko. Antza denez, Cerro Piergiogio-ko eki aurpegiko bigarren igoera da. Hiru luze gogorrenetariko bi librean eskalatu zituzten.

p044_f02_15606.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Aurreko kronika batean aipatu genizuen Patagoniako denboraldia pil-pilean zela. Eta, berri on askorik ez bada entzuten, tantaren bat edo beste gure belarrietara iritsi da. Azkena, Will Sim eta Jon Griffith britainiarrek sinatu dutena.

Eta sokada honi aitortu behar zaio ezohiko jarduera bat sinatu duela. Izan ere, Cerro Piergiogio-ko eki aurpegia ia ukitu gabe zegoen. Zehatzago esanda, soilik igoera bat zuen. Bada, britainiarrek bigarren igoera poltsikoratu dute eta, gainera, estilo alpinoan.

Mendi horren historiari atea zabaltzen badiogu, lehen igoera 60ko hamarkadan egin zela ikusiko dugu. Pedro eta Jorge Skvarcak osatutako sokadak hiru egun behar izan zituen Cerro Piergiogioko eki isurialdetik igotzeko. Garai horiek ikusita, gainera, aipatu behar da soka finkoak lagunduta eskalatu zutela.

Aipatu dugun legez, bigarren tontorra, aurpegi horretatik jakina, Sim eta Griffith-ek erdietsi dute. Abenduaren 11 zen eta protagonistek baieztatu dutenez, oso jarduera interesgarria izan da: «Inolako zalantzarik gabe, eskalatu dugun marra oso ona da. Oro har, jarduera bikaina izan da; eta gailurra, berriz, ederra. Eguraldiarekin zorte handia izan genuen; izan ere, eskalatzeko oso egun ona egokitu zitzaigun».

7. gradua eskoziar eskalan

Piergiogio-ra joan aurretik, britainiarrek Cerro Standhardt-eko «Exocet» bidea eskalatzeko aukera izan zuten. Bitxia bada ere, Colin Haley bide bera bakarka igotzen ari zela topatu zuten.

Gero, ohikoa denez, Patagonian eguraldiak agintzen du, eta egun luze batzuetan ezer egin gabe izan ziren. Arestian aipatu dugunez, ordea, leiho on txiki bat aprobetxatu zuten. Berez, «B plana» zen. Ia plangintzarik gabe, bidearen gaineko informazio gutxirekin eta gogo handiz, sokada Piergiogioko eki aurpegira abiatu zen. Ezohiko igoera bat sinatu nahi zuten nahiko urrun dagoen mendi batean: «Badirudi urrun dagoela eta bere itxurak ez dizu lasaitasuna transmititzen. Eta, gainera, eguraldiaren mamua dago. Abenduaren 11 zen. 6 ordu eta erdi elur sakonean egin eta paretara hurbildu eta gero, eskaladari ekin genion».

Bideak, berez, hiru luze tekniko zail ditu; hots, bidearen giltzak dira. Eta sokadak bi era librean eskalatu zituen.

«Lehena oso atsegina zen librean eskalatzeko. Chamonixeko eskalada mistoko estilo klasikokoa zen. Atsegina eta ez oso gogorra. Gainera, oso irudi ederrak genituen gure atzean: Fitz Roy eta «Supercanaleta» bidea. Oso inguru berezia da, batez ere ia inor ez dabilelako. Bigarren luzearen hainbat tarte, berriz, artifizialean igo genituen. Bi artesi fin zeuden, eta horiek granitozko horma bertikala mozten zuten. Eta hirugarrena, gure ustez, bide osoaren giltza, teknikoki oso gogorra izan zen. Eskalatu genuen bezala, eskoziar eskalan 7. gradua izan daiteke», azaldu dute eskalatzaileek.

Gailurrera iritsitakoan, berriz, ekaitza hurbildu zitzaien, eta ziztu batean jaitsierari ekin behar izan zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo