GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Estrategia partekatuaren» aldeko apustu jeltzalea

Bateragarriak al dira Euskal Herrian zabaltzen ari den ziklo berriaren atarian ezker abertzaleak ekin dion prozesua ez dela oztopatu behar esatea eta aldi berean oztopatzen ari den Gobernuaren estrategiarekin bat egitea? Bateragarriak al dira Alderdien Legearen aurka agertzea eta lege hori gogortzen duenarekin ezker abertzaleari presio egitea itundu izana? EAJrentzat bai, horiek eta gehiago bateragarriak dira. Eta Gobernu espainiarrarentzat, bateragarria ez ezik, onuragarria ere bai. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esan zuenez, estrategia partekatu hori ondo doa. EAJren lankidetza, gainera, arlo sozioekonomikora ere zabaltzen da, eta ez da aurrekontuetara soilik mugatu. Zer lortzen du alderdi jeltzaleak trukean? Batetik, Gobernutik kanpo gelditu zen alderdi batek gobernatzen jarrai dezakeela erakutsi du; halaber, zenbait sektore ekonomikorentzako onurak lor ditzakeela; Patxi Lopez Gasteizko lehendakariarentzat deserosoa den arren. EAJk Madrilgo Gobernuaren politika ekonomiko eta soziala sostengatzen duen arren, badaki hargatik ez duela kostu handiegirik ordainduko, herritar gehienen eskubideak murriztu eta murriztu ari diren neurri eta legeen kostua Madrilgo Gobernuaren kontua baita. EAJk estrategia Madrilekin adostu nahiago du, harekiko leialtasuna, alegia. Eta, diskurtsoak diskurtso, hala egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo