GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Aralarrek ezetz dio, baina ez dago «betiko» esaterik

Duela ia bi hilabete ezker abertzaleak Nafarroako eragile abertzale eta ezkertiarrei hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko proposamena egin zienetik, maiz batu izan dira EA eta Aralar, zein bere aldetik, ezker abertzalearekin. Indar abertzale eta ezkertiarrek beharrezko jotzen dute aldaketa, eta hartarako zentzuzkoa ez ezik, eraginkorra ere ematen du indar horien lankidetzak, hauteskundeei begira ere bai, jakina. Hala ere, atzo Aralarrek amaitutzat jo zituen ezker abertzalearekiko hartu-eman horiek, bien arteko alde handiak direla eta. Nafarroako Aralarreko koordinatzaile Txentxo Jimenezek ez zuen argitu, ordea, Nafarroan aldaketa ulertzeko zer «modu eta edukinetan» dauden horren urrun ezker abertzalea eta bere alderdia.

Ulergarria da indar politikoek beren taxua egitea, baita hauteskundeei dagokien taxua ere, baina aldaketa beharrezkotzat jotzen duten indarren arteko lankidetzaren gainetik norberaren interesak jartzea ez da horren ulergarria, are gutxiago indar horiek Euskal Herria aro berri baten atarian dagoela eta batzen dituzten helburu nagusiei bat eginda heldu beharra dagoela ados daudenean. Argi samarra da herri honetako ezkertiar eta abertzaleen eskaera, interes partikularren mende egongo ez diren elkarguneak sortzekoa. Gernikako Akordioa oso adierazpen garrantzitsua izan zen, baina ez luke adierazpen hutsean geratu beharko; aitzitik, euskal gizartearen parte handi baten gogoaren adierazle denez, bizitza politiko eta sozialean izan behar duen presentzia lortzeko urratsak egin behar dira.

Ezker abertzaleak indar abertzale eta ezkerrekoei lankidetzarako proposamena egin zienean, Aralarrek NaBairekiko bere konpromisoa gogorarazi zuen; luze gabe, EAJ ezker abertzalea NaBaira sartzeko aukeraren kontra agertu zen. Orain Aralarrek bere egin du beto hori. Nolanahi ere, egoerak aldakorrak dira, eta Euskal Herrikoa azkenaldion ziztu bizian aldatu da; horrenbestez, ez dago «inoiz ez» esaterik. Politikan ez dago «betikorik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo