GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Neguaren bihotza

Urtarrila izan da neguaren bihotz, urtarrila ilbeltz, urtarrila baita beltzila ere, hil-beltzaren ahizpa: egun laburrenak bereak baititu goizari gagozkionez, oraintxe hasten delako goizetik eguzkia nagiak kendu eta goizargixeago jaikitzen. Ilzuria ere deitu izan diote, neguko egunak, beltzak izanik ere, izotzari eta elurrari begiratuz, zuriak direlakoz. Eskualde batzuetan izotzila ere deitu izan diote, bai. Baina baita loila ere... lo egiteko hila ote, hartzengan eta beste hainbat piztirengan pentsatuta, edo landareen indar lotuetan? Urteberrila ere ditu izan zaio. Zentzu berekoa genuke urtatsila ere, edo urtarrila bera. Izenak izen, aurtengoari zein arropa, edo zein jertse, zein praka edo zein jaka edo gona dagokio egokien-egokien...? Ilbeltzaren izenetatik abiatuta, aurtengo hau, solamente, hainbeste hego haize eta zehar haizez, trabestiturik ote datorren gabiltzalako, horregatik diot. Ez zen beste munduko neguaren bihotz izango, esan ez baligute, bonbo y platillo-ka esan ere, aurtengo negua benetan hotza, gutxitan bezalakoa, izango genuela, euritan lehorra izateaz gainera. Hotza eta lehorra, bi genero horiek uztartzeko tamainako uztarri bakarra ezagutzen dut nik: antizikloiaren txapel handia. Antizikloiak badaki zeru garbi lehorra prantatu fijo, eta ez haize nabarmenik, ez fronterik, ez hodeitzarik, sekulako izotz hormatuak ekartzen eta euri tantanik gabe portatzen. Horrelako neguren bat izango ote dugu ba? Aiduru nengoen koarta-tenporen peskizan. Baita kontua ziurtaturik utzi ere: lehen bi egunek itsas-iparra eta ipar lehorra ekarri zizkiguten. Ondorengo beste seiek, hego xume ahula, edo aldaize baldrestxoa. Toma ja, negu hotzari! Hau gogoratzea komeni da: egunkari honetan bertan, argi azaldu zen iragarpen ofizialetan agindu zitzaigun «Año frio y nivoso», Joxeba Vivancok argi idatzi zigunaren arauera, eta baita koarta-tenporek ziotena ere, nahi zuenak aldera zitzan bi iragarpenak. Irakurleak ez daude, beraz, tronpaturik. Bi aste pasa ditugunean, esan behar dugu tenporen astearen kalko eta kopia izan ditugula hurrengo bi asteak ere: lehen bi egunak ipar haizeak aginduta, Eguberritan elur eta guzti, eta segido sei egun hego haizedun epelak. Hurrena, hotzalditxoa Urteberrirako, eta jarraian beste sei egun epelak: eta epelak esaten dugunean, gaueko eta goizeko orduen hozbero tenple atseginekoa gogoratu nahi genuke, atzo bertan, 16-17º gauez eta goizez Bilbo aldean. Eta noiz arte hego tenple oneko hau? Auskalo, baina... aldi baterako, igoal!