GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Lau partidarekin hasiko da Buruz Burukoa

p036_f02.jpg

J.L.

Berezkoen Buruz Buruzkoa bihar abiatuko da, eta lau kanporaketa jokatuz hasiko da. Bi partida jokatuko dira Baigorrin, eta beste bi Saint Martin de Hinxen, Landetan. Bi jaialdiak 16.00etan abiatuko dira.

Nafarroa Behereko ekitaldian, Laurent Lanbert eta Agirre neurtuko dira lehendabiziko norgehiagokan. Bientzat lehen txapelketa da, izan ere, orain dela hilabete gutxi pasatu baitira profesionaletara. Torneoren bat edo beste jokatu dute onenekin, baina bakarka jokatzea eta lehiaketarik handiena jokatzea beste kontu bat da, eta agian urduritasunak ere zeresan handia izan dezake. Horiek ongien menperatzen dituenak izan dezake garaipena erdiesteko aukerarik gehien. Irabazten duenak Lazkanoren aurka jokatu beharko du datorren kanporaketan.

Jarraian, Ximun Lanbert, Laurenten anaia, eta Larretxea lehiatuko dira. Azken honek eskarmentu handia du, nahiz eta azkenaldian lesio ugari izan dituen. Azkenaldiko torneoetan ongi aritu da Zuraidekoa, baina hori partidan erakutsi beharko du, ez baita gauza bera bakarka edo binaka jokatzea.

Ximun Lanbert ere berria da berezkoetan, izan ere, bere anaiarekin batera, orain dela gutxi pasatu da profesinaletara, eta lehen txapelketa izango da beretzat. Garaipena erdiesten duen pilotariak Alfaroren aurka jokatu beharko du hurrengo kanporaketa.

Landetara

Aspaldiko urteetan ez bezala, Landetan ere Berezkoen Txapelketako partidak izango dira, eta Olivier Jannots da horren arrazoia. Izan ere, eskualde horrek ez ditu izan profesionaletan pilotari asko, baina Jannots hangoa da, eta antolatzaileek beharrezkoa ikusi dute Landetara ere partidaren bat eramatea.

Ducassou eta Bonebeltxe neurtuko dira jaialdia zabalduko duen partidan. Kanporaketa irekia da hau ere. Bonebeltxe profesionaletara pasatu berria da, baina kalitate handiko pilotaria da. Superprestigioan ezuste handi bat eman zuen, eta dirua bere alde izan dezake. Irabazleak Etxeto izango du aurrez aurre hurrengo kanporaketan.

Jaialdiko bigarren partidan arituko da Jannots, eta Ezkurra I.a izango du aurrez aurre. Landetakoa berria da berezkoetan, udazken honetan igaro baita profesionaletara, baina aurrean eskarmentu handiko pilotaria izango du. Patrick Ezkurra txapelduna izandakoa da, nahiz eta orain urteetan aurrera eginda dagoen. Irabazleak Thierry Harizmendi izango du aurkari hurrengo kanporaketan.