GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ALPINISMOA Jarduera berriak

Khumbun zein Sichuanen jatorrizko bertsio alpinoan

Max Beleville, Mathieu Detrie, Mathieu Maynadier eta Seb Ratel frantziarrek Nepalgo Lunag II mendiaren hego-ekialdeko aurpegia lehen aldiz igo dute. Evgeni Bashkirtsev eta Dennis Veretenin errusiarrek, aldiz, Celestial mendian (Txina) bide berria zabaldu dute.

p040_f05.jpg

Andoni ARABAOLAZA

2011. urtean sartuak gara dagoeneko, baina oraindik ere iazko udazkeneko jarduera alpino tekniko zein esploratzaileen inguruko hainbat berri jasotzen ari gara. Kronika honetan, bederen, nabarmentzeko osagaiak dituzten bi eskalada bikain aipatuko ditugu. Biak ala biak bide berriak dira. Bata, Nepalen; bestea, ordea, Txinan. Bi mendi ezezagun. Nepalgoa: Lunag II (6.830 m). Txinakoa: Celestial (5.420 m).

Lehenbizikoa, Lunag II, Khumbuko eskualde ezagunean kokatuta dago. Hala ere, frantziar espedizio batek jarduera burutu arte igo gabe zegoen. Mendi horren historiari tira egiten badiogu, lasai asko esan genezake 2009. urtean «bataiatu» zutela. Izan ere, Joe Puryear eta David Gottlieb estatubatuarrek Lunag-eko mendizerra (bost gailur ditu) nazioarteko alpinismoaren mapan aurkeztu zuten. Inguru hartan egin zuten esplorazioaren emaitza izan zen. Sokada hori Jobo Rinjang mendiarekin (6.778 m) egin zen, baina, bide batez, Lunag-eko mendiguneak dituen gailurren berri eman ziguten. Urte bereko udazkenean, berriz, suitzar-nepaldar espedizio batek inguru hartako pare bat tontor sinatu zituen.

Adierazi dugun legez, ordea, joan den udazkenera arte Lunag II mendiak ez du bisitarik izan. Lehena jaso zuen, eta haren emaitza bikaina izan da. Max Beleville, Mathieu Detrie, Mathieu Maynadier eta Seb Ratelek osatutako taldeak mendia hego-ekialdeko aurpegitik eskalatu dute. Bide misto zein tekniko hori egin ahal izateko, hiru egun behar izan zituzten.

Girora egokitzeko, laukoteak 5.800 metroko mendi bat aukeratu zuen. Zailtasun teknikorik ez zuen, eta arazorik gabe igo zuten. Gero, Jobo Lecoultre mendiaren (6.478 m) ipar aurpegian saio bat egin zuten. Eta saioa diogu, gailur nagusia ez zutelako erdietsi. Bi egunetan 900 metro eskalatu zuten; 6.200 metrora heldu ere, baina atzera egitea erabaki zuten material nahikoa ez zutelako.

Eguraldia okertu egin zen, eta egun batzuk kanpaleku nagusian (5.200 m) ezer egin gabe pasa zituzten. Ondo hartu zuten botatako elurra; izan ere, hego-ekialdeko horma lehor eta beroarekin oso nahasia eta arriskutsua da.

Ratelek adierazi duenez, prest ziren erronka nagusiari ekiteko: «Astebeteko eguraldi ona eta egonkorra iragarri zuten. Hori bai, garaieran hego-mendebaldeko haizea izango genuela hegitu ere. Estilo alpinoan igotzeko asmoa genuenez, soilik lo-zaku arinak eraman genituen. Lehen bibaka 5.800 metrora antolatu genuen. Biharamunean, hainbat luze eskalatu genituen, baina, zoritxarrez, bero handia egiten zuen. Horren ondorioz, goialdetik arroka eta izotza erortzen ziren. Arriskuan geundenez, desplome batean `aterpe' hartu genuen. Ordubete inguru pasa genuen han, tenperatura noiz hoztuko zain! Beste bost luze gainditu genituen; haiei esker gainera arrisku handiko tarte bat saihestu genuen. Gaua iritsi aurretik bigarren bibakera (6.200 metrora) heldu ginen. Oso leku aproposa eta egokia zen; bederen, babesean geunden».

Laukote frantziarra eskaladaren hirugarren eta azken egunean zen. Aurrean, hainbat goulotte eta izotza. Eta, gainera, den-dena oso baldintza egokietan. «Luze oso dotoreak ziren, eskalatzeko oso onak. Paretaren goialdean geunden. Ondo gozatu eta gero, oso elur txarrarekin egin genuen topo. Horren ondorioz, erritmoa lasaitu behar izan genuen. Poliki-poliki gailurrerako bidea hartu eta gauez iritsi ginen. Tarte horretan eskalada ez zen batere zaila, baina, hori bai, oso arriskutsua, eta segurtatzeko komeriak izan genituen. Pare bat luze gehiago, eta gaueko hamarretan gailurra jo genuen. Hego-mendebaldeko haizetearen eraginez, hotz handia jasaten ari ginen. Gutariko batzuk oinak hotzak genituen. Haizete horretatik babesteko, ipar aurpegitik hainbat metro jaistea erabaki genuen».

Lunag II mendiaren gailurrean ziren. Alabaina, Beleville, Detrie, Maynadier eta Ratelen asmoa Lunag I-en tontorra zapaltzea zen. Helburu hori, bederen, ezin izan zuten lortu: «Lunag II eta I-a artean dagoen zeharkaldia egin nahi genuen; hori zen geure asmoa nagusia. Baina leher eginda geunden, eta azkenean xede hori alde batera uztea erabaki genuen. Gainera, aurrean jaitsiera luze eta arriskutsua genuen».

22 rapel egin ondoren, laukote frantziarra kanpaleku nagusian zegoen. Hasierako helburu nagusia ez zuten erdietsi; bai, ordea, Lunag II mendiaren lehen igoera.

Sichuanen, era arinean

Txinako Sichuan eskualdean badira mendi erakargarriak. Ziur aski, horien artean izen edo ospe handienetarikoa duena Siguniang (6.250 m) dugu. Mendi estetiko eta gogor horretan dagoeneko jarduera bikain apur batzuk egin dira. Aitzitik, aipatu dugun legez, eskualde horretan badira beste proposamen interesgarri batzuk. Celestial mendia (5.420 m) horietako bat da.

Evgeni Bashkirtsev eta Dennis Veretenin errusiarrek ez dute alderdi horrek eskaintzen dituen «gozokiak» baztertu nahi izan, eta, joan den udazkenean, Celestialen bide berri bat osatzeko saria lortu dute.

Berez, duela bi urteko irailean Siguniang eskalatzera joan ziren: «Oso eguraldi txarra egin zigun, eta esku hutsik itzuli ginen. Benetan makurra izan zen. Segurtatzeko arazo handiak genituen, eta era librean eskalatzeko ez zen batere egokia, besteak beste, elurrak plaka guztiak estaltzen zituelako. Horretaz gain, girora ez ginen oso ondo egokitu eta sasoiz ere ez ginen oso ondo. Hori guztia dela eta, erretiratzea izan zen zentzuzkoena. Baina han ginela ohartu ginen Celestial eskalatzeko oso aukera aproposa zela».

Aurten berriro itzuli dira. Bi mendi handi eta teknikoki oso zailak. Azkenean, nahiz eta Siguniang gogoan izan, errusiar sokadak Celestial mendian jardun zuen. Guztira, lau eguneko eskaladan bide berria zabaldu zuten; mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian.

Aurreko eskarmentuan ez bezala, aurtengoan katu-oinak erabiltzeko parada izan zuten: «Bidea 4.350 metrora hasten da, eta oso-oso luzea da: 1.575 metro. Era alpinoan eskalatzeko zama arina eraman genuen. Zabaldu genuen bidea ez da zaila. Guk uste dugu errusiar eskalan 5b izan daitekeela. 6b-koak egin ditugu, baina, horiekin alderatuta, azken erronka hau askoz ere luzeagoa da eta arrisku handia du. Gainera, alderdi honetan eguraldia bat-batean aldatzen da; oso azkar. Atzera egiteko aukerak ere oso urriak dira. Horretaz gain, paretara hurbiltzeko bidea oso nahasia da. Zintzur batetik hasten zara, eta den-dena oso zikina dago. Guk 6 ordu behar izan genituen. 4 eguneko eskaladaren ondoren, gailurra urriaren 21ean lortu genuen», adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo