GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Antxeta hagitz txanpa polita bizitzen ari da 10. urteurrenean

Behe Bidasoa eskualdean euskara sustatzeko asmoz sortutako Antxeta Irratiak hamar urte bete ditu eta, langileek kontatu digutenez, garai polita bizitzen ari dira. Kolaboratzaile ugari batu zaie emozioz, eta horri eustea, eta zergatik ez, handitzea dute erronka.

p051_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Ospakizun garaia da Behe Bidasoa eskualdeko uhinak euskaraz janzten dituen Antxeta Irratiarentzat. Horregatik, larunbat goizean egoitzako ateak ireki zituzten eta denbora horretan irratsaio bereziak egin zituzten. Adibidez, mahai-inguru bat herri komunikabideen inguruan, etorkizunaz eta hainbat erronkaz hausnartzeko.

«Antxetamina» saioa ere emititu zuten. Orain dela zortzi bat urtetik larunbat goizetan, hamaiketatik ordu bietara, herri mugimenduek betetzen duten tartea da «Antxetamina». «Ateak irekitzea ideia xelebrea iruditzen zitzaigun hasieran, ez zuela arrakasta handirik edukiko pentsatzen genuen», aitortu du Aitziber Zapirain langileak. Baina berrogei pertsona inguru animatu ziren irratia ezagutzera eta bertako kideekin pintxo bat jatera eta hagitz gustura egon ziren. Behe Bidasoko lagunak elkartu ziren, hendaiarrak, hondarribiarrak eta irundarrak. Gehienak gazteak, heldu batzuk ere bai eta ume gutxi, irratiaren inguruan jende gaztea mugitzen baita batez ere. Lehenbiziko uhinak zabaltzen hasi zirenean kolaboratzen ibili zirenak bildu ziren eta garai zaharrak ekarri zituzten gogora; adiskideak ere etorri ziren, irratira sartzen ez direnak... Denetarik egon zen.

Hemendik aitzinera ere ekitaldi pila dute iragarrita. Zapirainek ostegunean Manuel Tapialek Gazari buruz emanen duen hitzaldia nabarmendu du. Palestinara zihoala eraso zioten azkeneko flotillan egon zen ekintzaile hau. Europako irrati elkarteekin topaketak ere prestatu dituzte otsail hasierarako.

Hutsunea betez

Aitziberrek oroitarazi duenez, eskualdean hutsune bat zegoelako sortu zen Antxeta, ez baitzegoen euskara hutsean lan egiten zuen komunikabiderik, ez bakarrik irratirik, ez zegoen ez egunkari, ez telebistarik. Irratia euskarari bultzada bat emateko jarri zen abian, hortaz, eta bide horretan jarraitzen du oraindik.

«Hamar urte erraz esaten dira eta egia da ez dela epe luzea, baina gauza asko gertatzeko denbora ematen du. Guk gorabehera asko eduki ditugu eta hamargarren urteurrena oso txanpa polita eta aberasgarria izaten ari da, bereziki egindako guztiaz eta irratiaren inguruko jendeaz ohartzeko», adierazi du. Eurekin bat egin duten herritar guztiei eskerrak emanez bukatu nahi izan du Aitziber Zapirainek, baita komunikabideei ere, uste baino tarte handiagoa eman dietelako.

ESANAHIA

Langileak eta egunero irratian dabiltzan laguntzaileak harritu egiten dira noraino heltzen diren eta jende ugarirentzat komunikabide honek zer esanahi duen ikusita. «Beste hedabideetan lekurik ez dutenek ez dute inolako mugarik edo trabarik gurean»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo