GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko lehiaketa

Arrospidek eta Mugertzak lehen puntua eskuratu dute

Leaburukoak eta Mutrikukoak Olasagasti eta Saralegi menderatu zituzten.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Arrospidek eta Mugertza II.ak irabazi zuten beren multzoko lehen neurketa Olasagastiren eta Saralegiren aurka, eta finalerdietan izateko lehen urratsa eman zuten. Jendez gainezka izan zen Debako pilotalekua.

Sei proba egin behar izan zituzten aizkolariek, eta lehia dotorea, bikaina, ikusi ahal izan zuten bertaratu ziren zaleek. Emozioa amaiera artekoa izan zen, baina bukaeran Leaburukoak eta Mutrikukoak irabazi zuten.

Aizkolariak 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztea izan zuten aurreneko lana, eta Olasagastik eta Saralegik irabazi zuten proba hau, 37 kolpetan erdibitu baitzuten enborra. Aurkariei biren aldea atera zieten.

Bigarren lanean kana-erdiko enbor bat zutik jarrita erdibitu behar izan zuten aizkolariek, eta hori Arrospidek eta Mugertzak irabazi zuten, lana 2 minutu eta 5 segundoan amaitu baitzuten, eta 18 segundoko aldea atera zieten igeldoarrari eta leitzarrari, lehian aurrea hartuz.

Hirugarren lanean bikoteek bina 45 ontzako enbor moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta hemen Olasagastik eta Saralegik lortu zuten garaipena, lanak minutu bat eta 42 segundoan amaituta, 17 segundoko aldera ateraz aurkariei.

Lan erdiak amaituta, gauzak estu eta larri zeuden, tartea oso txikia baitzen, baina ondorengo bi lanetan erabaki zuten Arrospidek eta Mugertzak, nahiz eta iraupen proban, berriro ere gauzak estutu ahal izan zituzten Olasagastik eta Saralegik.

Laugarren lanean, bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita moztu behar zituzten, bikoteko bakoitzak bana. Garaipena Leaburukoak eta Mutrikukoak lortu zuten, lanak 2 minutu eta 10 segundoan amaitu baitzituzten, eta 2.48an, berriz, gipuzkoarrak eta nafarrak.

Erabakigarria

Bosgarren lanean, bikoteek bina 60 ontzako moztu behar zituzten, eta garaipena berriro ere Arrospidek eta Mugertza II.ak lortu zuten, lanak 4 minutu eta 19 segundoan amaitu baitzituzten, eta aurkariek, berriz, 4 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten.

Beraz, saioa amaitzeko ekinaldi bakarra falta zen, txanda librean egin beharrekoa. Bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen. Arrospidek eta Saralegik alde dezentea atera beharra zeukaten saioa irabazi ahal izateko, eta hasieratik erritmo itzela jarri zuten, eta amaieran garaipena erdietsi ere bai, baina ez zen saioa irabazteko adinako tartea izan. Lanak 11 minutu eta 36 segundoan amaitu zituzten, eta Arrospidek eta Mugertzak, berriz, 11 minutu eta 54 segundoan egin zuten.

Beraz, lan guztiak amaitzeko, 23 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Mugertza II.ak, eta 23 minutu eta 50 segundo, berriz, Olasagastik eta Saralegik.

Multzo honetako beste bikoa Azurmendik eta Atutxak osatzen dute, eta une honetan Arrospide eta Mugertza dira buruan puntu batekin, eta beste bikoteak punturik gabe, baina Azurmendik eta Atutxak oraindik ez dute saiorik jokatu.

Juanjoxe Agirregabiriak marka berria ezarri du

Atzo Deban, aizkolariez gain, txingalarien marka saiakera bat ere bazen. Juanjo Agirregabiriak 50 kiloko txingekin Santxok zeukana gainditu nahi zuen. Orain arteko marka 36 plazetan zegoen, baina atzo Agirregabiriak, egungo Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapeldunak, hobea egin zuen.

Agirregabiriak atzo, jendez gainezka zegoen Debako pilotalekuan, 36 plaza eta erdi eta 1,80 metro egin zituen, marka berria ezarriz. Aldea ez da handia baina bai nahikoa marka ezartzeko, eta ez da batere erraza, 50 kiloko txingak eskutik zintzilika horrenbeste denbora ibiltzea, eta meritua handia du.  J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo