GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Hodi bati lotutako bi herrialde

Ez dirudi Txinak gerraren aldeko apusturik egin duenik, guztiz alderantziz baizik. Besteak beste, gerra hori berpiztuko balitz, petrolioa eta bere inbertsio handiak bertan ustelduko direlako luzarorako

Hego Sudango erreferendumaren emaitzen zain ipinita gaude; baina gakoa ez datza horretan, haren ondorengoan baizik. Ez baitago zalantzarik galdeketaren emaitza aritmetikoari buruz. Bai, ordea, galanta, herrialde(ar)en etorkizun politiko, diplomatiko eta ekonomikoaren inguruan. Baina etorkizuna aldez aurretik igartzea gizakion nahikunde aseezina da, eta eskualde haren etorkizuna aurreikustea bereziki zaila egiten da. Etorkizuna zaila izango dela aurresatea, bestalde, tautologia hutsa da kasu honetan.

Mundu guztiak badaki Hego eta Ipar Sudanen banantzearen kezken giltza burdinazko hodi luze bati atxikita dagoela gaur-gaurkoz. «Batasuna» izen paradoxikoa daraman lurraldeko petrolio-tokietan hasi eta, Hegligekoetatik igaro ondoren, 1.600 kilometro ipar-ekialderago Itsaso Gorriko Port Sudanen amaitzen den GNOP (Greater Nile Oil Pipeline) oliobideari erantsita, alegia. Handik munduratzen da egun herrialdean ekoizten den petrolio guztia. Orain arteko Sudan «batuaren» esportazioen hiru laurden baino gehiago. Ia osorik Japonia, Txina eta Asia ekialdeko beste lurraldeetara doana.

Eta bide bertsutik igaro beharko du etorkizunean ere petrolio horrek, edozein delarik ustiategien jabe geratzen dena (hori ere ez baitago garbi). Garestiegiak, edo guztiz ezinezkoak, izango liratekeelako alternatiba guztiak. Itsasorainoko aterabide zuzenik gabeko herrialdea izango da «Sudan Berria». Mugakide dituen herrialde lagunkoienetako biri ere, Etiopiari eta Ugandari, beste horrenbeste gertatzen zaie, gainera. Beraz, estatu sorberriak, petrolioa badu, ez du beste aukerarik izanen hura merkaturatzeko.

«Sudan zahar» gutxituari, aldiz, tentagarri irudi dakioke bi petrolio ekoizguneak indarrez bereganatu eta ondare ia osoaren jabe geratu ahal izatea. Baina hori iraganeko gerrara itzultzea izango litzateke, zuzen-zuzenean. Eta iraganean jada ustiapenaren jarduera segurtatzea nekosoa izan bazen Khartumeko agintarientzat, zailagoa gertatuko zaie etorkizunean, Wikileaksen kableetan argi geratzen baita, adibidez, munduaren erdiak lehendik susmatzen zuena: Somalian piratek bahituta izan zuten «Faina» itsasontziko tanke ukrainarrak Hego Sudanera zihoazela. Han nonbait ibiliko dira jada. Gainera, Hegoalde hori estatu independentetzat onartua izango da edonon aurrerantzean.

Itxaropena ere, ordea, GNOP hodi horri itsatsita dago hein handi batean. Haren eraikitzailea, kudeatzailea (eta haren baitako petrolio-tokien ustiatzailea eta Khartum eta Port Sudaneko findegien sozio nagusia, dena esatearren) CNPC erraldoi txinatarra da. Eta Txina da Sudan zaharraren nahiz berriaren inportazioen sorburu nagusia, alde handiz. Baita armen alorrean ere. Eta ez dirudi Txinak gerraren aldeko apusturik egin duenik, guztiz alderantziz baizik. Besteak beste, gerra hori berpiztuko balitz, petrolioa eta bere inbertsio handiak bertan ustelduko direlako luzarorako.

Negoziazio luze eta latza beste konponbide zentzuzkorik ez dela geratzen dirudi. XX. mendearen azken laurdenean hildako gehien eragin dituen gerra ezinbestekoa ote zen horretara iristeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo