GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Nork irabazi nork galdu

 

Garaiak bereizteko mugarriak ez datoz bat egutegiarekin. Gure bizipen subjektiboak mugarria izaten dira norberaren egutegian; eta gertaera kolektiboek mugarria ezartzen dute gizarte historian. XXI. mendea, esaterako, ez zen hasi 2001eko urtarrilaren 1ean, irailaren 11n baizik. Eta euskaldunoi dagokigula, urtarrilaren 10a izan 2011. urtearen lehen eguna.

Deigarria egin zait ikustea nor den gehien poztu dena. Pentsa zitekeen esker onekoena izango litzatekeela egunero autoaren azpialdea behatu behar duen hori, edo segurtasun neurri pertsonalak bereganatu behar dituena. Eta, kontrara, tristatuenak izan beharko lirateke, ustez, talde armatuarengandik ideologikoki hurbil sentitzen direnak. Azken finean, «beren kideek» jarduera bertan behera utzi badute, umezurtz senti zitezkeen. Ba ez.

Nor dago pozarren? Ezker abertzalekoak, hau da, «kidea» galdu dutenak. Nor agertzen da ezkorren? Erakunde armatuaren mehatxupean bizi direnak. Nola uler daiteke? Zergatik ez dira poztu borroka armatuaren aurkakoak?

Poza ulertzen dut. Ulertzen dut familia nazionalistetan belaunaldietako odolusteari galga jarri nahi izatea. Ulertzen dut gurasoen lasaitasuna seme-alabek ez dutelako mendira jo behar izango. Ulertzen dut ilusioa, aukera berria zabaltzen delako hitz eginez eskuratzeko urteetan armaz eskatu dena.

Ezkortasuna ulertzeko modu bakarra da kalkulatzea zer duten galtzeko jarrera hori dutenek: statu quo historikoa, prepotentzian oinarritutako desberdintasun soziala, boteretsuaren pribilejioa, agintekeriaren babesa, injustizia bermatzen duen instituzionalizazioa. Bai, horrela ikusita, hobeto ulertzen da su-etenarekin poztu ez direnen jarrera.