GARA > Idatzia > Kultura

Amaren sabelean diren haurrentzat ere, musika, Euskadiko Orkestrarekin

Aurtengo denboraldian haurrei zuzendutako hainbat kontzertu antolatu ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, musika txikienei gerturatzeko asmoarekin. Horien artean, amaren sabelean direnentzako emanaldia.

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Iragandako urtean ireki zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Musika Gela, gaztetxoak musikaren mundura sartzeko hainbat ekintza antolatzeko erabiltzen duen esparrua. 2010/2011 denboraldian egitasmoa aurrera daramate eta familientzako, heziketa zentroentzako eta 9 hilabete arteko haurrei zuzendutako lau kontzertu antolatu dituzte.

Egitarauaren lehen emanaldia larunbatean izango da Donostian, eta hilaren 22an Gasteizen, «Fagota, zuraren xuxur- la» izeneko ikuskizunarekin. Bertan Orkestrako fagot-taldeak parte hartuko du, pianoaren laguntzarekin. Gainera, fagotaren familiako tresna guztien azalpena emango dute.

Otsailaren 26an Donostian, eta martxoaren 27an Gasteizen saio esperimental bat antolatu dute. Izan ere, «Soinutik... bihotzera» 9 hilabete arteko jaioberriei, eta artean amaren sabelean diren haurrei zuzendutako emanaldia izango da. Musika inprobisatua izango da, Baschet tresnak erabiliz. Soinu tresna horiekin ikerketak egin izan dituzte urte askoan, haurdun dauden emakumeengan utero barruan eragiten dituen erantzunak ezagutzeko.

Martxoaren 25ean eta 26an «Bat guztiontzat eta guztiok batentzat» azalpenez betetako kontzertua izango da. Bertan, orkestra zuzendariaren eginkizuna nabarmentzen da, haren garrantzia erakusteko. Orkestraren atal bakoitza ere sakonetik aztertuko dute, kontzertu batean ikus daitezkeen hainbat xehetasun, eta ikusten ez diren beste hainbaten arrazoia eta funtzionamendua argitzeko.

Azkenik, «Barrokoa, historiari begirada bat» ikuskizuna, konposatzaile famatuenen obren zehar egindako bidaia moduko bat da. Maiatzaren 7an Donostian izango da, eta hilaren 13an Gasteizen. Besteak beste, Johann Sebastian Bach, Georg Friedrich Haendel, Antonio Vivaldi eta Henry Purcell egileen lanak emango dituzte.

Prestaketa lanetan

Kontzertu horiez gain, orkestrak entsegu ireki bat ere antolatu du. Hilaren 17an izango da 16.00etan Donostiako Kursaalen, eta ez da soilik musika entzuteko aukera bat izango. Izan ere, Euskadiko Orkestrarekin batera Biarritzeko Malandain balleta izango da agertokian, «Magifique» ikuskizunaren entsegua eskainiz. Txaikovskiren Suitak interpretatuko dira, 72 minutuz.

Gainera, «Entzun, abestu eta mugi zaitez gurekin» sentsibilizazio tailerrak ere antolatu dituzte, Musika Familian zikloko kontzertuetara joateaz gain, jarduera osagarri batean parte hartu nahi dutenei zuzendutakoa. Tailerrak zikloko emanaldi bakoitzarekin zerikusi zuzena izango du, eta emanaldia bera hasi baino ordu batzuk lehenago egingo dute. Bertara joateko erreserbak egin beharko dira Gasteizen Principal antzokiko leihatilan edo 945 16 10 45 telefonora deituz eta Donostian Kursaaleko 943 00 31 80 zenbakian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo