GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

Gazteei begirako Zugan Ni jaialdirako kartel lehiaketa abiatu du Markeliñek


GARA | BILBO

Markeliñe antzerki taldeak lehiaketa berri bat jarri du martxan, Zugan Ni jaialdirako kartel lehiaketa, hain zuzen. Aurten, «parte hartzea handitzeko beste pauso bat eman dugu eta laugarren edizio honetan lehen kartel lehiaketa proposatu dugu», azaldu zuen Markeliñe taldeko kideek.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada. Deialdia 18 urtetik beherako gazteei zuzendua da. Gaia librea da eta urtarrilaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira zuganni@markeline.com helbidean edota markeline@markeline.com-era bidalita. Urtarrilaren 31n ezagutaraziko dute kartel irabazlea. Lehiaketaren oinarriak www.markeline.com/materiales/kartel.pdf orrian deskargatu daitezke.

Saria, antolatzaileek adierazi dutenez, bikoitza izango da. «Kartel irabazleak alde batetik, 125 euro jasoko ditu eta, bestetik, 2011ko Zugan Ni antzerki jaialdiko irudia izango da».

Zugan Ni ekimena orain lau urte sortu zen, antzerkiaren bitartez, gazteentzako komunikazio eta espresiorako gune izateko helburuarekin. Markeliñekoen esanetan, «ohartuak ginen haurrentzako antzerki emanaldiak bazirela; ikastetxeetan ere lantzen dira, baita helduentzat ere, baina gazteak antzokietatik desagertuak ziren». Hortaz, Durangaldean ikastaro batzuk emateari ekin zioten, «antzerkia jolas gisa aisialdia betetzeko zein beraien nahi, kezka eta hausnarketak agertzeko interesgarri egingo zitzaielakoan».

Alde horretatik, «beraiek aukeratzen dute zer azaldu eta nola azaldu eta, horretarako, begiraleen laguntza izaten dute», adierazi zuten Markeliñeko kideek. «Begirale hauek erremintak baliatzen dituzte gazte hauek mezua transmititu dezaten», esan zuten.

Zugan Ni hasi zenetik, Zornotza, Elorrio, Durango, Igorre eta Iurretako 14 eta 18 urte bitarteko berrehun gazte baino gehiago igo dira eszenatokietara. Aurten, gainera, taldeek beraien proposamenak jarri dituzte martxan eta, udaberri aldera, lan horiek Zugan Ni antzerki jaialdian aurkeztuko dituzte.

Ekimen honen bitartez antolatzaileak gazteek sorkuntza lanean jarraitzea bultzatu nahi dute. «Badakigu guztiek ez dutela antzerkirako zaletasuna eta horregatik zabaltzen dugu aukera hau».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo