GARA > Idatzia > Ekonomia

Prezioak %2,6 eta %2,9 artean igo ziren 2010ean, tabakoak eta alkoholak eraginda

Bizkaia izan zen iaz inflazio tasa handiena izan zuen herrialdea, prezioek %2,9 egin baitzuten gora. Gipuzkoan, aldiz, %2,6ra iritsi ziren, eta Nafarroan eta Araban %2,8 batez besteko mailari eutsi zioten.

GARA | GASTEIZ

Iragan urtean prezioak batez beste %2,8 igo ziren Hego Euskal Herrian, nahiz eta herrialdearen arabera aldeak badiren. Izan ere, Bizkaia izan zen inflazio maila handiena izan zuen herrialdea, %2,9 hazi baitziren salneurriak, eta prezio merkeenak, aldiz, Gipuzkoak izan zituen, %2,6ko igoerarekin. Bestalde, Nafarroan eta Araban %2,8 garestitu ziren prezioak 2010ean, atzo Estatu espainoleko Estatistika Institutuak kontsumo prezioen indizeari (KPI) buruz eman zituen datuen arabera. Batez ere, alkoholdun edarien, tabakoaren eta erregaien prezioen igoerak eragin zuen KPIren hazkunde hori.

Abenduari dagokionez, Nafarroa izan zen inflazio maila handiena erakutsi zuen herrialdea, %0,7ko igoerarekin. Estatu espainoleko igoera handiena izan zuen herrialde honek. Bizkaian, %0,5 egin zuten gora salneurriek urteko azken hilabetean, eta bi hamarren gutxiago, %0,3, Araban eta Gipuzkoan.

Hain zuzen, abendura arte Araba zen inflazio tasa handiena zuen herrialdea, eta Nafarroak zuen, aldiz, txikiena, baina abenduko datuek inflazioaren zerrenda irauli eta Bizkaia jarri dute goiko mailan eta Nafarroa ere oso gertu.

Produktu eta zerbitzuen taldeei dagokienez, edari alkoholdunak eta tabakoa %15 inguru igo ziren iragan urtean (Nafarroan izan zuten hazkunde handiena), eta garraioa, ia %9, erregaien prezioen hazkundearen ondorioz.

Edari ez alkoholdunek eta elikagaiek oso igoera apala izan zuten 2010ean, eta, Nafarroari dagokionez, gai horiek merkatu egin zirela esan liteke, prezioek %-0,7ko bilakaera izan baitzuten. Komunikazioen prezioak ere beheranzko joera hartu zuen aurreko urtean, %0,7 eta 0,8 artean merkatu baitziren.

Bestalde, jantzi eta oinetakoek %0,6 eta %0,8 arteko igoera izan zuten 2010ean, baina, kasu honetan, prezio igoera arindu egin zen abenduan salneurriak asko jaitsi zirelako. Hoteletan eta jatetxeetan, prezioak Nafarroako %1,3 eta EAEko %2,1 artean igo ziren; etxebizitzan, %5 eta %7 artean; eta irakaskuntzan, %2 baina zertxobait gehiago kasu guztietan.

Eurogunean, %2,2

Estatu espainoleko inflazio tasa Hego Euskal Herrikoa baino handiagoa izan zen, prezioak %3 igo baitziren aurreko urtean, eta Europa mailan, Europar Batasunean (%2,6) euroa duten herrialdeetan baino (%2,2) gehiago hazi ziren salneurriak. Abenduan, prezioak %0,6 igo ziren bai batean bai bestean.

soldatak

Prezioen igoerak langileen erosahalmenari eragingo diola nabarmendu zuten sindikatuek eta, alde horretatik, soldatek inflazioaren araberako igoera izan behar dutela adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo