GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Iragarritako agiri baten kronika

Bruselako Adierazpenak eta Gernikako Akordioak su-etena eskatu zioten ETAri, su-eten iraunkor eta egiaztagarria (eta Gobernu espainolari horren araberako pausoak emateko). Zenbait hedabidek ETAren agiriaren data eta nork argitaratuko zuen iragarri zuten, baita haren edukia (hori da hori ikerketa lan zorrotza). Gobernuak eta zenbait alderdik esan zuten eduki hori ez zela nahikoa izango.

Agiriaren arrastorik gabe joan zen urtea. Hedabide horiek esan zuten ezker abertzalea urduritzen hasia zela, eta presoen aldeko manifestaziorako espero zutela agiria. Manifestazioaren eguna iritsi zen, baina agiririk ez. Manifestazioa egin zuten, jendetza ikaragarriak parte hartuta, eta halako batean, hedabide berberek, Jose Antonio Pastorren burutazioari jarraituta, manifestazioa aukera galdua bihurtu zuten: Bilbora bildu zirenek ETAri bere amaiera eskatzeko aukera galdua. Ahaztu ote zitzaien manifestazioarekin bat egin zuten erakunde guztiek aspaldi eskatu ziotela ETAri su-etena eta borroka armatua bertan behera uzteko borondatea agertzeko (eta Gobernu espainolari bake prozesuari ekiteko urratsak egiteko)? Manifestazioa porrota izan ezean, Bilbora bildutako jendetza garrantzirik gabeko xehetasuna zen, jakina.

Hilaren 10ean ETAk Bruselako Adierazpenak eta Gernikako Akordioak eskatutako su-etena iragarri zuen, eta Gobernu espainolak aldez aurretik esana zuena erantzun zuen. Biharamunean bi lagun atxilotu zituzten, argi gera zedin denak berdin jarraitzen duela. Denak berdin jarrai dezan nahi dutela, alegia.

ETAk Bruselari eta Gernikari baiezkoa emanez erantzun die. Gobernu espainolak ezezkoarekin. Ulergarria da: Espainiako gobernu guztiek beti esan izan dute indarkeriarik gabe edozertaz hitz egin litekeela, demokratikoki dena lor litekeela. ETAk orain dela ia urtebete eraso ekintzak eta orain guztiak etenda ere, borroka armatua betiko baztertzeko konpromisoa agertuta ere, ordea, indarkeria ez da amaitu. Bere horretan dirau Estatuaren mota guztietako indarkeriak. Eta Gobernuak, PPk eta hedabide horiek arrazoi, indarkeria dagoen artean ezin da edozertaz (ezertaz) hitz egin. Ez dira tonto-tontoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo