GARA > Idatzia > Euskal Herria

Felipe Gonzalezek ETAri buruz esandakoak ez ditu ikertuko Fiskaltzak

GARA | DONOSTIA

Estatu espainoleko Fiskaltza Nagusiak Felipe Gonzalez presidente ohiak ETAren inguruan egin zituen adierazpenei buruzko ikerketarik egin beharrik ez dagoela erabaki du. Gonzalezek «El Pais» egunkariari egindako baieztapenak aztertzeko eskaria Ezker Batuak egin zuen, baina Fiskaltzak «delitu zantzu bat bera ere» ez duela ikusten erantzun du. Hain justu ere, 1980ko hamarkada amaieran ETAren zuzendaritza akabatzeko aukera izan zuela esan zuen Gobernu espainoleko presidente ohiak, eta zuzen jokatu ote zuen edo ez zalantzak zituela aitortu zuen.

Orain, Fiskaltzaren erantzuna jasota, «eskuak garbitu eta estatu-arrazoia egiaren gainetik jartzea» egotzi dio EBko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak Fiskaltzari. gainera, kexu agertu da «terrorismoa goratzea» delitua neurtzeko bi irizpide omen daudelako.

Fiskaltzak dioenaren arabera, adierazpen bat delitutzat jotzeko «benetako ekintza terroristei buruzkoa izan behar du, eta hori ez da kasu honetan gertatzen». Hala ere, Mikel Aranak uste du jarrera horrekin Fiskaltzak Felipe Gonzalez «Kode Penalaren gainetik» jartzen duela, eta «GALen eta `X' jaunaren auzia berriz azaleratu ez dadin lurra bota duela gainetik».

EBko kideak salatu duenez, gisa horretako adierazpenak egiten dituena beste arlo batekoa bada, «azken komaraino ikertzen dute, eta ziurrenik eginbideak hasten dituzte».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo