GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaztetxoak jaiko protagonista, danborradaren 50. urtemugan

Gauerdian hasiera eman ondotik, Sarriegiren doinuez eta danbor hotsez blai izan dira hogeita lau orduz Donostiako bazterrak, danborradazaleen gozamenerako. Behin banderaren jaitsiera eginda baina, beste urtebetez atseden hartuko dute danbor eta upelek eta, lasaitasuna berreskuratu, hiriko kaleek. Dena dela, Donostian eta Azpeitian ez ezik, Lakuntzan zein Tafallan ere jai giroko ekitaldi ugari izan zituzten atzoko egunez.

p014_f0365286.jpg

GARA |

Hamabietako kanpaien erritmoan eta hiriaren bandera igotzearekin batera lehertu zen asteazken gauean festa Donostian. Handik aurrera, hogeita lau orduz txoko guztietan entzun ahal izan ziren danbor eta upel soinuak; guztira 111 izan ziren hiriko kaleetan ibili ziren helduen danborradak.

Euskal Billerakoak, esaterako, goizeko hirurak aldera irten ziren Mari kaletik, eta ia goizaldean, zazpiak inguruan, Kresalakoek «San Sebastian martxa»ri ekin zioten elkartearen atarian. Atzo gaueko hamarrak arte, bestalde, ezin ziren irten Kondarrak eta Zuloidan konpainiak, eta Union Artesana, berriz, Konstituzio plazan banderaren jaitsieraz arduratu zen, ohi denez. San Sebastian egunaren amaiera ekitaldirik jendetsuena izan zen Alde Zaharrekoa, ez bakarra.

Eguerdian, ordea, haurrek jarri zioten kolorea eta bizitasuna egunari urtarrilaren 20ak eskatzen duen gisan. Hotza nagusi bazen ere, eguraldi paregabea izan zen haurrentzat ez baitzuen euririk egin behintzat. Aurtengoan La Asuncion ikastetxeko Haize Marquezi egokitu zitzaion Easo Ederraren papera betetzea, baita gustura bete ere. Jeneral lanetan, berriz, ikastetxe bereko Mikel Salaberria aritu zen eta danbor nagusi moduan Jon Arrese, El Carmeloko ikaslea.

Easo Ederrak eta jeneralak udaletxeko balkoitik ohiko agurra eta festarako gonbita luzatu ondoren, danbor nagusiak zuzendu zituen serio Alderdi Ederren zain zituen 7.000 haurrak. Hiri osoko ikastetxe edo elkarteen izenean, 52 konpainia osatu zituzten. Ohiturak eskatzen duen gisan, konpainiaren antzinatasunaren araberako hurrenkeran hartu zuten Hernani kalea haurren konpainiek. Horrela, Oier Iriondo danbor nagusi zuen Euskal Billera elkarteko konpainiaren atzetik irten ziren gainontzekoak. Azken lekuan irten zen, berriz, Easo Ederraren karroza, aurretik bere ikastetxeko konpainia zuela. Honetan aldaketa egin dute aurtengo danborradan, izan ere, orain arte Easo Ederraren karroza bere ikastetxeari zegokion hurrenkeran irteten zen.

Edonola ere, hamabiak jota abiatu bazen Euskal Billerako konpainia, La Asuncion Ikastetxekoa ia ordubete geroago irten zen Alderdi Ederretik, lehenbizi irten zirenak ia ibilbide osoa egina zutenean. Arratsalderako, gainera, haur askok eta askok jantzia aldatu eta auzoetako elkarteetan gurasoekin zein lagunekin batera irteteko tokia zuten, hori bai, aurretik indarrak berreskuratuta. Ekitaldia ikustera hurbildu zirenek berriz, hasierako puntuan behintzat, lepo bete zituzten kale bazterrak. Argazki kamerei atseden ematen ez zieten haurren guraso edo senitarteko zein danborrada ikustera hurbildu zirenen artean, bost edo sei ilara ere baziren espaloietan.

Hiriko alkate Odol Elorzaz gain, hainbat erakundetako ordezkariak ere izan ziren ekitaldia gertutik jarraitzen. Hala, udaletxean ziren Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Batzar Nagusietako lehendakari Rafaela Romero, Aldundiko bozeramaile Eneko Goia eta EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, besteak beste.

Urrezko ezteiak

Aurtengo danborradarako bereziki egindako domina berezia zeramaten paparrean haurrek. Zehazki, alde batetik, txikien danborradak 50. urteurrena duela gogorarazten zuen eta, bestetik, 2016rako Kultur Hiriburu izateko Donostiaren hautagaitzaren logoa zeraman. Baina, mende erdiko historian poliki-poliki hazten joan den danborrada da honakoa. Izan ere, 1961ean ¯hasierako urtean¯ soilik bost ikastetxek osatu zuten konpainia Sarriegiren martxak jotzeko. Hain justu ere, Euskal Billera, Marianistak, Eskola Frantsesak, Sagrado Corazon eta La Sallek denera 300 haur inguru bildu zituzten. Ekimen honen bultzatzailea Euskal Billera izan zelako erabaki zen danborrada irekiko zuen konpainia horixe izatea.

Antiguan, arratsaldez

Antiguan, bestalde, beste auzoetan bezalatsu helduen danborradek bazterrak alaitu bazituzten ere, azken 31 urteotan egin duten gisan, beste 120 gaztetxo ere irten ziren. Gainera, goizeko danborradarekin alderatuz, Antiguan megafonia erabili ordez herriko bandaz lagunduta ibili ziren.

 

Merezimendu dominak banatu zituzten udaletxean

Haurrak danborradan irten ziren bitartean, Udalbatza aretoan Hiritar Merezimenduaren dominak banatu zituzten. Ohituraz ekitaldi hau urtarrilaren 19an egiten bada ere, aurtengoan Xabi Alonsok Urrezko Danborra jasotzeko ekitaldia egun horretara pasa zutenez, domina hauen banatzea atzorako atzeratu zuten. Aurtengoan Odon Elorza alkateak bi elkarte eta hiru norbanakori eman zien merezimenduaren domina. Batetik Aranzadi Zientzia elkarteko Francisco Etxeberriari eman zioten, 2000tik 36eko gerran hildako pertsonen hilobiak ateratzen aritu da antropologo, forentse, arkeologo, psikologo zein bolondresen laguntzarekin eta bereizmen bera jaso zuen Miguel Tardáguilak arraunaren alde egindako lanagatik. Bestade, Aieteko Lantxabe Bizilagunen Elkartearentzat, Gipuzkoako Dantza Profesionalaren Elkartearentzat eta baztertutako pertsonak gizarteratzen lan egiten duen Arrats erakudearentzat izan ziren beste hiru Merezimendu dominak.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo