GARA > Idatzia > Kultura

Vahan Sarkisian ohorezko euskaltzaina hil da

GARA | DONOSTIA

Vahan Sarkisian Erevanen (Armenia) jaio zen 1954ko martxoaren 12an. Filologia Zientzietan doktorea zen eta Erevaneko Unibertsitatean irakaslea, bai eta Filologia Erromaniko Katedraren zuzendaria ere. 2002. urtean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen eta joan den urtarrilaren 21ean hil zen, bihotzekoak emanda, 55 urte zituela.

Armeniera-euskara Estudioen Saileko sortzaile eta irakaslea zen Erevanen, bai eta «Araxes» izeneko armeniera-euskara nazioarteko aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria ere. Halaber, Euskal Herriaren eta Armeniaren arteko lotura kultural eta linguistikoak aztertzearen eta sakontzearen aldeko zen eta euskal kulturari buruzko eskolak ematen zituen unibertsitatean. Azken urteotan, gainera, euskara ikastaroak ere eman zituen.

Ikerketa horien ondorioak ezagutarazteko hainbat argitalpen kaleratu zituen: «Elementos armenios de origen vasco» (1990), «Euskal esaera zaharrak» (1998) eta «Euskal gramatika laburra» (2000) dira horietako adibide gutxi batzuk. Horrez gain, armenierara itzulitako hainbat lan ere plazaratu zituen: Bernard Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae» (1998, 2001), Juan Antonio Mogelen «Peru Abarka»(2002) eta «Antología de poetas navarros actuales» (2000), beste lan askoren artean.