GARA > Idatzia > Mundua

Gobernuaren aurkako protestak Egipton, milaka poliziari aurre eginez

Milaka lagunek Kairoko kaleak hartu zituzten atzo, Mubarak presidentearen aurka protesta egin eta pobrezia amai dadin aldarria plazaratzeko. Tunisiako Jasminen Iraultzak herrialdean izan duen lehen islak poliziaren presentzia itogarriari aurre egin behar izan dio.

p024_f01_150x140.jpg

GARA

«Sua datxekonean auzoko etxeari, gogoa emak eureari», dio esaera zaharrak eta, Tunisian jazotakoak ikusita, Egiptoko agintari Hosni Mubarakek badaki aski ongi jakin ere zer egiteko gai den haserre dagoen herri bat.

Milaka lagunek, oposizioaren deialdiari erantzunez, Kairoko hirigunea eta Egiptoko beste hainbat gune hartu zituzten Gobernuaren eta pobreziaren aurka protesta egiteko asmoz, «Tunisia konponbidea da» lelopean.

Herritarrak, bandera egiptoarrak eskuan, eraikin ofizialen inguruan bildu ziren, erreforma sozial eta politikoak eskatzeko. «Mubarak kanpora!» bezalako oihuek ere Tahrir plaza handia bete zuten, karguan 29 urte daraman satraparen Gobernua arbuiatzeko.

15.000 lagun izan ziren, AFP berri agentziaren arabera, Kairoko hirigunera gerturatu zirenak. Deialdia sare sozialen bitartez zabaldu zen -Twitter eta Facebook, esaterako-, eta horietan ikus zitekeenez, 90.000 egiptoarrek agindu zuten protestan parte hartuko zutela. Hala ere, poliziaren presentzia itogarriak traba asko jarri zituen.

Segurtasun indarrek esan zutenez, hamarka mila polizia («20.000 eta 30.000 bitartean») atera ziren atzo kalera, Kairoko hirigunea gotorleku bihurtzeko. Hiriko beste kale nagusi askotan eta unibertsitatean ere antzeko eszenak ikusi ziren.

Urteetan herrialde honetan egondako mobilizaziorik handiena izan zela baieztatu zuen AP agentziak, eta zehaztu zuenez, Poliziak ez zuen ohiko bortizkeriaz erantzun. Antza denez, Gobernuak interes berezia zuen herritarren balizko erreakzio masibo bat ekiditeko.

Halere, zenbait puntutan negar gasak eta ur kanoiak erabili zituzten manifestarien kontra.

Amnesty Internationalek «gehiegizko indarra» ez erabiltzea gomendatu zien Egiptoko agintariei.

Alabaina, Hosni Mubarakek argi utzi zuen: atzoko mobilizazioak «legez kanpokoak» zirela eta «segurtasun aparatuak irmotasunez erantzungo» diola «legea hausteko edozein saiakerari». Horixe izan zen, hain zuzen, Ben Ali tunisiarraren agintearen bukaeraren hasiera.

SAUDI ARABIA

42 urteko saudiarabiar batek bere burua inmolatu zuen atzo, Damam hiriko zerbitzu gune batean. Bertako hedabideek aditzera eman zutenez, oso larri zauritu zen. Bigarren mailako erredurak zituen azalaren %50ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo