GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

«Baginaren bakarrizketak», tabuak baztertzeko antzezlana

Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai emakumeari zuzenki lotutako antzezlan batean dabiltza lanean: «Baginaren bakarrizketak», Txalo taldeak aurkeztuta. Arraza, adin, maila kultural eta sozial ezberdinetako 200 emakume baino gehiagori egindako elkarrizketekin osatu zuen Eve Ensler antzerkigileak testu hau eta bere lan ezagunenetakoa bihurtu da.

p049_f01_97x108.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Baginaren bakarrizketak» emakumearen sexualitatea eta horri lotutako beste edozein gai lantzen ditu. Emakumeek euren sexualitateari dagokionez izan dezaketen erru eta lotsa sentipenak baztertzea obraren helburua da, eta horretarako, bizipen ezberdinak azaltzen dira. Neska batek bere haurtzaroan nola bizi izan zuen bere sexualitatea, emakume heldu batek 75 urterekin orgasmo bat deskubritu duenekoa... Horiekin batera gai dramatikoagoak ere gehitu dira; adibidez, ablazioari buruzko bakarrizketak, biolazioari buruzkoak... «Baginaren inguruko sexualitatearekiko harremana ez da beti ona izaten zoritxarrez. Eta hori ere azpimarratzen da», azaldu zuen Aitziber Garmendia aktoreak, antzezlaneko bi protagonistetako batek. Zaldibiar hau «Emakumeak izarapean» antzezlanean edota «Martin» eta «Mi querido Klikowsky» telesailetan ikusi izan dugu, besteak beste.

Baina, gai horiek ez dira eguneroko elkarrizketa batean lantzen, eta hori dela-eta, Garmendia hasieran larritu egin zen testua irakurri zuenean, baina unerik gogorrena familiartekoei albistea ematerakoan izan zuen: «Etxean esateko garaia ez zen oso erraza izan. `Bagina' hitza esatea ez baita oso erraza izaten. Hala ere, euskaraz izenburua kamuflatuagoa gelditzen da, baina ez zen erraza izan».

Hala ere, Garmendiak ezaguna zuen testua lehenagotik, Madrilgo konpainia batek Donostiako Antzoki Zaharrean eskaini baitzuen gaztelaniazko bertsioa. Gainera, mundu osoan zehar antzeztua eta itzulia izan da testu hori.

Tabuak baztertuz

Bakarrizketak direnez gero, interpretazio aldetik ez duela zailtasun handirik eduki aitortu zuen Garmendiak. «Berez interpretatzea ez da zaila, azken batean kontaketa bat bezalakoa da. Baina zailena oso natural eta benetakoa balitz bezala kontatzea da, baita tabu baten antzera ez nabaritzea ere. Horixe izan zen zuzendariak lehenengo momentutik azpimarratu ziguna».

«Baginaren bakarrizketak» antzezlaneko lan taldea emakumez josita dago. Hasieratik «konfiantza eta kimika oso ona» sortu zen agertoki gainean. «Eragin handia du tokatzen zaizun lan taldeak. Kasu honetan, Ainhoarekin aurretik harremana banuen, ezagutzen genuen elkar, eta zuzendariarekin ere gauza bera. Gainera, zuzendaria emakumea da (Begoña Bilbao), eta laguntzailearekin batera, bi aktoreak ere bai. Ondorioz, hasieratik giro oso polita sortu zen gure artean, kimika ona eta konfiantza asko. Gai batzuk zailagoak egiten zaizkizu, baina umorez hartzen saiatzen gara beti, eta horri esker, ez zitzaidan pertsonalki hainbeste kostatu», azaldu zuen Garmendiak.

Gaia emakumeari zuzenean lotutakoa denez gero, orokorrean ikusleriaren ehuneko handi bat emakumeek osatzen dute. Hala ere, gizonek ere berdin egin dezakete barre lan honekin. «Emakumeak askotan identifikatuta sentitzen dira bakarrizketaren batekin, baina gizonezkoentzat ere berdin-berdin da, berdin gozatu dezakete, baita barre egin ere», azaldu zuen.

Gaur Zaldibian izango dute emanaldia, eta Garmendia bera zaldibiarra denez, nahiko urduri zegoela aitortu zuen. Larunbatean Getxon izango dira eta igandean Lekeition.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo