GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko hiru gazte auzipetuen aurkako frogarik ez dagoela esan du AHT Gelditu!-k

p017_f0215559.jpg

GARA |

Atzo izan zen Auzitegi Nazional espainolean Bilbon AHTren aurka egindako ekintza batean parte hartzea leporatzen dieten hiru gazteen epaiketaren lehen saioa. 2009an, tranbia geldiarazi, eta bertan AHTren kontrako leloak pintatzea egozten die Blanca Rodriguez fiskalak, eta bakoitzarentzat 3 urteko kartzela zigorra eta 24 hilabetetako isuna ere eskatzen du.

Markel Mendizabalek, Nahia Iglesiasek eta Nerea Zuloagak, ordea, tranbiako pintaketetan zerikusirik ez dutela agertu zuten Javier Gomez Bermudez epailearen aurrean, eta defentsaren lekukoek ekintza gertatu zenean hirurak beste toki batean zirela berretsi zuten. Defentsak, gainera, gazteak identifikatu zituzten ertzainen atestatuak hartuta, ekintza gertatu eta minutura handik kilometro bat baino urrunago identifikatu zituztela nabarmendu nahi izan zuen.

Akusazioak deiturik, ustez gertaturikoaren lekuko izan zen ertzain batek ere deklaratu zuen. AHT Gelditu! Elkarlanetik GARAri azaldutakoaren arabera, «birritan erori zen kontraesanetan agentea» eta «balio gutxiko» deklaraziotzat jo zuten. Fiskalak lekuko gisa deitu zituen Euskotreneko bi langileak ez ziren epaiketan izan. Beraz, bigarren saio bat egin beharko da datorren ostegunean bi langile horien testigantzak jaso ahal izateko. Orduan Fiskaltzak azken kalifikazioak egin eta epaia ematea besterik ez da faltako.

AHTren aurkako taldeak bultzatuta, hogeiren bat lagun joan ziren Bilbotik Madrilera babesa ematera. «Pozik» irten ziren epaitegitik, Mendizabal, Iglesias eta Zuloaga gazteak epaitzeko «inolako frogarik ez» dagoela egiaztatu dutelako. Elkarlanekoen esanetan, «gisa honetako epaiketekin» AHTren aurkako borroka «desitxuratu» nahi dute, «errepresioa muturreraino eramanez».

«Etengabekoa da egoera hau; edozein mobilizazio eta ekintzatan ohikoak dira poliziaren jazarpena, identifikazioak edota mehatxuak. Azkenean, helburua AHTren inguruko eztabaida, informazioa eta mobilizazioak etetea da», salatu zuen Elkarlaneko kide batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo