GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Euskara eta «liberté»

Badira mende bi, berrehun eta hamazazpi urte, hain zuzen, Frantziako Errepublikako Comite de Salut Public delakoan Barere de Vievizac-ek frantsesaz besteko hizkuntzak desagerrarazteko komenientzia -beharra alegia- azaldu zuela: «Le Fédéralisme et la superstition parlent bas-breton; émigration et la haine de la République parlent allemand; la contre-révolution parle italien et le fanatisme basque». Gaur egun ere, ez dirudi La République handiosak begirune handiagoa duenik Estatuko gainerako hizkuntzekiko; hala ere, ez litzateke oso normala hango agintari batek Vievizac haren moduko adierazpenak egitea, jendaurrean, behinik-behin. Estatu espainolean kazetariek eta ustezko intelekualek noiznahi eskaintzen dituzte horrelako burutazio zientifikoak, baina baita agintariren batek ere. Orain dela mende bi Comite de Salut Public hartan esandakoaren oso antzekoa bota du Patxi Lopez de todos los vascos lehendakariak oraindik orain, euskara askatasunik ezari estu lotuz.

Haserre handia eragin dute haren hitzek Euskal Herrian eta munduan, edo munduetan: euskalgintza munduan, politika munduan... Baina agertu da, halaber, Lopezek esandakoarekin bat etorri eta azalpen sakonagoa eman duenik, inork esan ez duena ukatuz eta «terrorismoari» eta, bide batez, ezker abertzaleari euskararen egoera leporatuz. «El terrorismo ejercido por una parte del nacionaliso vasco ha contaminado incluso aquellas nobles causas que ha desplegado como bandera de su acción criminal. Precisamente por ello (...) ha impedido el desarrollo libre de la cultura esukaldun y su lengua», dio Luis Haranburu Altunak («El Correo», 2011-1-26). Egia. Dagoeneko ahaztuta bagenuen ere, PSOE eta PPk (alderdi horren aurrekoek) lan eskerga egin izan dute euskararen garapenaren eta normalizazioaren alde, harik eta... ETA agertu zen arte. Orduantxe aldendu ziren euskalgintzatik.

Ez dugu zertan kezkatu, ordea, indarkeriaren amaieraren ostean, euskarak askatasunarekin bat egingo du behin betiko, eta eperrak jango ditu... edo ez, hizkuntzek ez dute-eta eperrik jaten. Eta orduan ikusiko dugu, ikusiko dugunez, PSEk eta PPk abiatuko dituzten euskalduntze plan zoragarriak eta, guk bai, eperrak jango ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo