GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainhoa Larrabe EHBEko kidea

«¿Educación para la paz?»

Konponbidera eta berau sustatuko duten gizarte balioetara baino, gatazka bera iraunaraztera bideratua dagoen gorroto eta mendeku gosea bultzatzen ditu. Garaile eta garaituen diskurtsoa

Legegintza hasi zuenetik hezkuntza erreforma ezberdinak inposatzeari ekin dio Isabel Celaa EAEko Hezkuntza sailburuak. Hauen artean daukagu ikasturte honetan abian jarriko den «Bizikidetza demokratikorako eta indarkeriaren deslegitimaziorako» plana. Badirudi, duela hiru urte aurkeztutako plan honek abiada hartu duela azken hilabeteotan. Hala, hezkuntza komunitateko hainbat sektorek zein herritarrek kezka handiz jarraitzen ditugu honen aplikaziorako ezkutuan egiten ari diren urrats ezberdinak. Zoritxarrez, Hezkuntza Sailak ez baitu inoren aurrean azalpenik ematen, ez du hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen.

Izenburuak esaten duenaren kontra, bizikidetzan eta indarkeriarik ezean heztea baino, ikasleen instrukzio politikoa bilatzen du Celaaren plan berri honek. Ez da idatzi honen asmoa Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruko irakurketa egitea, zeregin hori, hezkuntza mugimendu gisa, ez baitagokigu guri. Bai ordea, hezkuntzak gatazka horretan izan behar duen paperaz aritzea. Zaila da hezkuntza arloan, oraindik indarrean dagoen gatazka politiko bat lantzea eta are gehiago horren ondorioei buruz aritzea.

Ezbairik gabe, errealitatea desitxuratu egiten du plan honek. Euskal Herriko gatazka politikoaren irakurketa partzial eta interesatu bat du oinarrian; ez du inolako ikuspegi integralik barneratzen. Euskal gatazkari alde bakarreko ikuspegi hori eskaintzearen ondorioz, hezkuntza interes zehatzetara bideratzen da eta ez ditu tresna objektiboak sortzen ikaslearen gaitasunak zein norbanakoaren autonomia garatu dadin.

Hezkuntzak herritarrok pairatzen ditugun arazoak edo egoerak landu behar ditu. Kasu honetan, mezuak onen eta txarren arteko gatazka bat proposatzen du eta honek min handia sor dezake ikasleriaren parte handi batean. Izan ere, ikasle bati bere senide, lagun edo ezagun bat «gaizkiaren» ordezkari dela esateak zein onura pedagogiko ditu? Sufrimendua nork eta nola jasaten duen inposatzen da, ihardesteko aukerarik utzi gabe eta ikuspegi ezberdinen arteko eztabaidari ateak itxiz. Aurkeztu berri duten «eskolabakegune» web orrian sartu besterik ez dugu hori horrela dela ikusteko. Bertan ageri diren hainbat testigantzek, objetibotasunik gabe, irakurketa zehatz bat helarazten dute eta elkarbizitza baino, gatazka areagotu egiten dute kasu askotan. Guzti honek, gatazkaren konponbidera eta berau sustatuko duten gizarte balioetara baino, gatazka bera iraunaraztera bideratua dagoen gorroto eta mendeku gosea bultzatzen ditu. Garaile eta garaituen diskurtsoa zabaltzen besterik ez da lortzen.

Hezkuntza herritik herriarentzat sortzen da, belaunaldi berriei gure identitate kolektiboaren ikur diren ezagutzak, jakintzak eta balioak transmititzeko. Herri proiektua da, herri baten bizi- iraupenari nahiz garapenari egiten dion ekarpenagatik eta herriak hezkuntzari ematen dion osotasunagatik. Hezkuntza baliabideak eman behar zaizkie belaunaldi berriei; bere gertuko zein urruneko errealitatea ikuspegi kritikotik aztertu eta eraldatzeko gaitasunak eskainiz. Etorkizunari begira egoteaz gain, gure iraganetik irakaspenak eskuratzeko tresna ere izan behar du, erroak ezagutu eta bakoitzak bere bizi bidea aukeratu dezan. Hezkuntzak, beraz, errealitatean aurkituko ditugun egoera ezberdinak libreki aurkeztu eta berauei erantzuteko baliabideak eskaini behar dizkigu, modu objektibo zein kritikoan.

Gure ustetan, bakerako hezkuntza gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen ikastean datza eta ez gorrotoz eta mendekuaz gurekin bat ez datozenei gailentzean. Onartezina da, bizikidetzaren izenean instrukzio politiko bat jartzea. Hezkuntzaren betebeharra da etorkizuneko jendarte demokratikoa eta justizian oinarritutako bakea eraikiko duten pertsona solidarioak heztea, balio horiek eguneroko praktika bihurtuz.

Aldaketa guzti hauen aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da hezkuntza esparruko eragile, mugimendu zein norbanakoek bat egitea. Hezkuntza sistema euskaldun eta herritarraren aldeko eraikuntzan elkarlana bultzatu eta eraso ezberdinen aurrean harresi sendo bat eraikitzea. Horri erantzunez, Batzar Irekia deitua du Euskal Herriak Bere Eskolak datorren otsailaren 5erako. Herriz herri eta ikastetxez ikastetxe ematen ditugun pausoak dira Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzaren motore. Guraso, ikasle, irakasle zein herritarrak batzen gaituena indartuz, bilduz eta bakoitzak bere esparrutik bultza eginez lortuko dugu! Gure ondorengo belaunaldiei zor diegu!

Otsailaren 5ean, larunbatean, «Hezkuntza bildu eta bultza!» goiburupean Bilboko La Bolsa aretoan egingo den Batzar Irekirako deia egin nahi dugu. Guk geurea eraiki dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo