GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Waltarik eta Kurutxarik lehen puntua batu dute

p038_f0214622.jpg

J.L.

Waltarik eta Kurutxarik lortu dute finalerdietako ligaxkako lehen puntua, atzo Bonebeltxe eta Harizmendi mendean hartu ostean. Sarrera bikaina izan zuen Arrangoitzeko trinketak, guztiz bete baitziren harmailak jokatu ziren bi partidak ikusteko.

Lehen partidan Waltarik, egungo txapeldunak, eta aurtengoa irabazteko faborito nagusiak, ez zuen izan arazorik Bonebeltxeri 40-22 irabazteko. Dirua nabarmen atera zen bere alde, eta partidan zehar ez zen xentimorik ere jokatu. Kubatarra aitzinetik jarri zen lehen kintzetik aurrera, eta oren laurdena betetzerako ia tanto erdiak eginak zituen.

Oso ongi aritu zen, burua hotz izanez. Bonebeltxeri, orain arteko ezuste nagusiari, ez zion ezer egiten utzi eta 37 minututan partida amaituta zeukan. Gakoetako bat sakea izan zen, ia tanto erdiak sakez egin baitzituen.

Saketik 18 bote egin zituen Waltarik eta, 7, Bonebeltxek. Jokoan, berriz, 16 kintze egin zituen kubatarrak, eta 8, Bonebeltxek. Galdu, berriz, 7 Waltarik eta bat gutxiago Makeakoak. Markagailuak honakoa erakutsi zuen: 3-0, 14-2, 21-3, 32-9, 37-14 eta 40-22.

Bigarren partida askoz ere orekatuagoa izan zen. Dirua Harizmendiren alde atera zen, baina garaipena Kurutxarik lortu zuen, 35-40. Partida orekatua izan zen, berdinketa ugarirekin, baina amaieran Kurutxari hobeto ibili zen. Hala ere, 35-37 zihoazela, Harizmendik sakea bere alde zuen, eta markagailuan hurbiltzen jarraitzeko ere bai, baina saketik falta egin zuen, eta hortik aurrera Kurutxarik beste tanto guztiak erreskadan egin zituen.

Neurketak 65 minutu iraun zituen. Saketik 4 egin zituen Harizmendik, eta bi gehiago Kurutxarik. Jokoan 20 kintze egin zituen Thierryk, eta sei gehiago Anddek. Galdu, berriz, 8 egin zituen Harizmendik, eta 11 Kurutxarik.

Markagailuak hau erakutsi zuen: 1-1, 4-4, 7-10, 12-19, 18-21, 30-30, 33-33, 34-34, 35-37 eta 35-40.

Egutegia

Atzoko emaitzen arabera erabakitzekoak ziren falta ziren bi jardunaldien datak, eta hori erabakita geratu da. Datorren igandean, Garendainen, Zuberoan, atzoko bi galtzaileak, Harizmendi eta Bonebeltxe, alegia, neurtuko dira lehen partidan, eta Waltari eta Kurutxari, bigarrengoan.

Hemendik bi astera jokatuko da azken partida, eta Donapaleun izango da. Han, Waltari eta Harizmendi neurtuko dira lehen partidan, eta Bonebeltxe eta Kurutxari, berriz, bigarren norgehiagokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo