GARA > Idatzia > Ekonomia

Argiak eta elikagaiek inflazioa %3,3ra igo dute Estatu espainolean, 2008ko urritik gorenera

GARA | GASTEIZ

Estatu espainoleko inflazioa %3,3koa izan da urtarrilean, 2008ko urritik izandako mailarik gorena, alegia. Hori ondorioztatzen da INE estatistika bulegoak atzo aurreratutako datuei erreparatuz. Datu horien arabera, argia eta elikagaiak izan dira prezioak hain gora bultzatu dituztenak.

Datu hauek heldu den otsailaren 15ean konfirmatzen badira, KPI kontsumo prezioen indizeak zenbaki positiboak izango ditu hamabost hilabetez jarraian.

Argia, %9,8 garestiago

Esan bezala, inflazio altu horretan eragin nabarmena izan du argiaren prezioaren gorakadak, izan ere, Gobernuak onartutako tarifa berriak eragin du argiak batez beste %9,8 gora egitea. Kontuan hartu behar da, halaber, erregaien garestitzea, petrolioaren prezioa neurtzeko erabiltzen den Brent upela, 96,82 dolarrera iritsi baitzen urtarrilean, iaz, hilabete berean, 77 dolarrekoa zena.

Datu horien gainean, Aurrezki Kutxen Fundazioko (FUNCAS) aditu Maria Jesus Fernandezek Efe agentziari adierazi zion KPIren hazkunde horrek bat egiten duela bere aurreikuspenekin, eta hazkunde horren eragileak energia-produktuak izan direla azaldu zuen.

Haren aburuz, inflazioak gorantz jarraituko du otsailean, eta martxoan hasiko da berriz ere behera egiten, udan %3tik behera kokatu arte. Urte amaieran 1,7%koa izango da, FUNCASen ustez.

Euroguneko herrialdeei dagokionean, urtarrileko prezioen indizea %2,4koa izan da, abenduan baino bi hamarreko gorago, atzo Eurostatek emandako datu aurreratuen arabera.

Modu horretan, KPI harmonizatua delakoak gora egiten jarraitzen du, 2009ko uztailean %-0,6ko mailan egon ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo