GARA > Idatzia > Kirolak

PAULINE ADO | Surflari profesionala

«Helburua, WCT zirkuituan lehen hamar postuetako bat lortzea da»

Gurean ez du oihartzun handirik Paulineren izenak, baina hendaiarra denen ahotan dago goi mailako surflari, epaile, babesle eta adituen artean. Iazko emaitza onei esker, aurten munduko 15 neska onenekin izango da lehian WCT zirkuituan. Aski prestatua da Pauline eta lan bikaina egingo duen zalantzarik ez dago. Guk ere gertutik jarraitu nahi ditugu egingo dituen urratsak.

p046_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA |

Nesken kategorian 2010ean munduko emaitza onenetakoak lortu dituen surflari bikain batekin solasean izan gara. Pauline Ado du izena, 19 urte ditu eta hendaiarra da. Bidaia luze bati ekin aurretik gurekin egoteko tartetxo bat hartu du eta solasean izan gara. Neskato oso apala da, irria erraz eskaintzen duenetakoa, eta oso atsegina. Plazer bat izan da Pauline elkarrizketatzea.

Iaz egin duzun ibilbidea berrikusiz, zertan asmatu zenuen eta zertan huts egin?

Orokorrean, urte ona izan da. Txapelketen denboraldian bi fase izan ditut. Lehen fasea urte hasieran izan zen, ez nuen asmatzen eta etsipena gailentzen hasi zitzaidan, ez bainituen nahi bezalako emaitzak lortzen. Orduan nire burua gehiegi estutu nuen eta gehiegizko presioa izan zen. Gero, ikuspegi orokorra aldatzea erabaki nuen eta bigarren fase bati ekin nion. Zirkuitua bere osotasunean irudikatu ordez, txapelketa bakoitzean kontzentratu behar nintzela pentsatu nuen, eta estrategia aldaketak on egin zidan, emaitza onak bata bestearen atzetik etorri baitziren.

Aurten WCT zirkuituan izango zara, maila gorena da, zein da zure buruari ezarri diozun helburua?

Aurten dudan helburu nagusia urte amaieran WCT zirkuituko lehen hamar postuetako batean izatea da. Helburu hori lortzen ez badut, bigarren helburua WQS zirkuituan ere emaitza onak lortzea da, hor lortutako puntuak lagungarri izango baitzaizkit. Horregatik, nahiz eta WCT zirkuituan zentratu, WQS zirkuituko zenbait proba ere egingo ditut, puntuak biltzearren. Urte amaierarako bi zirkuituetan emaitza onak lortu baditut, ondo baino hobeto.

Aurtengo WCT zirkuitua osatzen duten zortzi lekuak ezagutzen al dituzu?

Ia leku guztiak ezagutzen ditut, Australia, Brasil,... lehen ere lehiatzen izan naiz. Zeelanda Berria eta Rip Curl Search dira ezagutzen ez ditudan bakarrak.

Besteak baino gogorragoa izango dela uste duzun lekurik ba al dago?

Zirrara handiena eragiten didan lekua Sunset da (Hawaii). Ezagutzen dut olatua, bertan izana naiz, eta baldintza jakin batzuetan beldurgarria izan behar duela pentsatzen dut. Olatu handietako urautsia da, indartsua, hemen inguruan ez da antzerako olatu askorik. Ez dut horrelako olatuetan surf egiteko ohitura handirik eta horrek mesfidantza eragiten dit.

Eta irrikaz lehiatuko duzun lekurik?

Bai, lehen txapelketan, Australiakoan (Gold Coast), lehiatzeko gogoak dituk, gustuko dudan olatu mota baita, eskuin olatu luzea. Baina batez ere, aurten Donostian egingo den nesken munduko txapelketa daukat buruan. Etxe ondoan lehiatu ahal izatea oso garrantzitsua da niretzat. Iaz junior mailan txapela lortu nuen Donostian, baina aurten desberdina izango da, maila goreneko lehiakideekin izango bainaiz.

Zein dira hobekien menderatzen dituzun baldintzak?

Ni, "regular" naiz (eskuin oina atzean), eta olatuan aurpegiz joatea atsegin dut, beraz eskuin olatuak ditut gogoko. Eskuin olatu luzeak, Lafitenia (Donibane Lohizunen) edo antzerako lekuak, hurrengo ariketa pentsatu eta prestatzeko astia ematen didatenak.

Zein prestaketa mota egiten duzu?

Neguan egunero itsasoratzen naiz, egunean behin gutxienez. Udan berriz, egunean bi saio egiten ditut itsasoan. Astean lau edo bost aldiz lantzen dut prestaketa fisikoa, betiere itsasoko baldintzen arabera. Olatuak onak diren egunetan surfak hartzen baitu lehentasuna eta halakoetan, egun osoa uretan egiten baitut.

Janariarekin ez dut dieta zorrotzik egiten, baina ondo jaten saiatzen naiz, elikadura osasuntsua. Otordu orekatuak egiten ditut, eta txapelketa egunetan, txanda baino hiru ordu lehenago jaten dut. Lehiaketetan zehar berriz, sarri, baina urri jaten dut, ahuleziak jota ez geratzeko.

Prestaketa psikologikoa ere garrantzitsua da. Bidaian ez banago, erregularki, astean behin izaten naiz aditu batekin eta hori ere lagungarria da.

Uretara sartu aurretik, ohitura berezirik ba al duzu?

Musika entzuten dut, bizia, erritmoarekin, ez dut erlaxatuko didan zerbait nahi, alderantziz, piztuko didan musika entzuten dut. Gero, uretan zaudenean, buruan bueltaka izaten duzu doinua eta lagungarri izaten da kontzentratuta egoteko. Beroketak egiterakoan beti errutina berari jarraitzen diot, ia erritu moduan, beti ariketa berak egiten ditut, eta beti hurrenkera berberean.

Zein da surf egiteko gogokoen duzun lekua?

Nire ustez lekurik hoberena Indonesia da. Izan dudan olatu onetako esperientzia onena Mentawai irletan izan nuen, 2006. urtean. Hamar egun egin nituen itsasontzi batean irlak zeharkatzen beste surflari batzuekin eta olatu oso onak hartu genituen.

Iragarpen meteorologikoa begiratzen duzunean, zein baldintza aurkitu nahi dituzu?

Bi metroko olatuak, ekialdeko haizea eta 12 segundoko baga. Landetara abiatzeko baldintza onenak.

Opor bidaia bat egitekotan, zein irizpideren arabera aukeratuko zenuke lekua?

Olaturik gabeko leku bat aukeratuko nuke turista gisa bidaiatzeko, New York bezalako hiri bat-edo hautatuko nuke. Asian, Txina edo Japonia ikustea gustatuko litzaidake. Bueno, leku horietan badira olatuak, baina lekuak irizpide turistikoen arabera hautatuko nituzkeela esan nahi dut, eta ez ohiko surf bidaien irizpideen arabera.

Surfaz gain, beste zer gauza dituzu gogoko?

Kirol guztiak maite ditut, tenisa, pala, igeriketa... Zinemara joatea ere gustuko dut, baina aspaldian ez naiz film bat ikustera joan.

Txapelketen eremuan, zein alderdi on eta txar azpimarratuko zenituzke?

Lehiaketak, norberak bere burua gainditzera behartzen du eta teknikoki hobetzen laguntzen du. Txapelketa bat irabazteak poz handia ematen du, zirrara oso atsegina da. Horiek dira lehiaketaren alde onak.

Txapelketen alde txarra berriz, mugak dira. Surf egitera zoazen egun arrunt batean ez daukazu denbora mugarik, ezta betebehar zehatzik ere. Lasaitasunean goza dezakezu. Arauen arabera jokatu beharrak, ordea, asko mugatzen zaitu, denbora tarte batean olatuak egoki sailkatzera behartzen zaitu. Askotan gainera, itsasoko baldintzak ere ez dira egokiak eta hala eta guztiz ere uretara sartu eta gauzak ahalik eta ondoen egitera behartuta zaude.

Eta surfaren alde onena eta txarrena?

Onena, surfak ematen dituen sentsazioak dira. Surfak eskaintzen duen beste gauza eder bat zera da, leku zoragarriak ezagutzeko ematen duen aukera. Alderik txarrena berriz, dudarik gabe, neguko hotza da.

Nor da gustukoen duzun surflaria?

Joel Parkinson, batez ere aurpegiz surf egiten ikustea atsegin dut. Bere estiloa, birak egiteko modua, bere teknika eta bere izaera ere gogoko ditut. Bideoak begiztatzen ditudanean ez dut zehatz surflari bat ikustea bilatzen, edozein bideo ikusten dut, baina "on line" ikus daitezkeen txapelketak begiztatzerako orduan, badira ikusi nahi izaten ditudan surflari batzuen txandak: Mick Fanning, Jordi Smith, Matt Wilkinson, eta abar.

Eta surfean gustukoen duzun ariketa?

Carve ariketa maite dut (taularen ertzak erabiliz egiten den bira klasikoa).

Teknikoki, zein uste duzu dela zure alderik indartsuena, eta zein ahulena?

Nire puntu ahula ariketa berriztatzaileak dira, aereoak eta antzerakoak. Teknika berriak ez ditut ongi menderatzen. Eta nire alde onena, ez dakit... [isilune luze bat], jendeak esaten du birak egiteko dudan modua dela, carve-a ondo marrazten dut.


 

«Munduan zehar denbora luzez bakar-bakarrik ibiltzea gogorra da, momentu onak eta txarrak izaten baitira»

Zortzi urterekin surf egiten hasi zenean neskato bakarra zen Hendaiako uhinetan. Laster hasi zen lehiaketetan parte hartzen eta ordutik emaitza onak bata bestearen atzetik lortu ditu. Iaz lortutakoak dira aipagarrienak ordea. Europako nesken open kategorian txapela eskuratu du, baita junior mailan ere, beraz Europa mailan gailurra jo du. Munduko junior zirkuituan 9. postua lortu zuen eta ranking orokorrean berriz, 7. postua. Azken emaitza honi esker aurten WCTko zirkuituan parte hartu ahal izango du, munduko 15 neska onenekin. Goi mailako surflari baten bizitza askotan ez da dirudien bezain samurra. Asko bidaiatu behar da, sasoiko egon behar da eta ez dago huts egiterik. Munduan zehar lehian ibiltzearen zama eramangarriago nola egin eta teknikoki aurrerapausoak nola eman daitezkeen kontatu digu: «Bidaiak astunak izan daitezke eta askotan elkarrekin bidaiatzen dugu lehiakideok. Elkar laguntzen dugu. WQS zirkuituko txapelketetara joateko Lee Ann Curren (Biarritz) eta Amandine Sanchez (Angelu) izan ditut bidaide. WCT-ko txapelketetan berriz, australiar bat izaten dut lagun. Batzuetan, entrenatzailearen laguntza ere izaten dut eta beste batzuetan, urrun egon arren, nire ama ere etortzen zait laguntza morala ematera. Horrek asko laguntzen nau, garrantzitsua da. Bihar Australiara noa eta lau hilabete izango naiz urruneko lurraldeetan. Munduan zehar denbora luzez bakar-bakarrik ibiltzea gogorra da, zeren momentu onak eta txarrak izaten dira eta moralki ahul bazaude, ez dago gertukoek eman diezazuketen babesa jasotzea bezalakorik».

«Teknikoki hobetzeko ez dut uste aparteko sekreturik dagoenik. Lan egin behar da. Surfean gehiago inplikatu. Ez egin surf egiteagatik, surf egiteko moduan sartu, gehiago sakondu. Surf egiteko modua pentsatu eta irudikatu.

Garrantzitsua da prestaketa orokor bat egitea. Soilik surfari begira prestatuz gero, emaitza mugatuak lortzen baitira. Prestaketak orokorragoa izan behar du, bai uretan, bai lehorrean. Ahulguneak antzeman eta nola edo hala erremedioak aurkitu behar dira, aurrerapausoak emateko. Soilik horrela egin dezake zorte onak zure alde. Zerbait lortzen ez denean ere moralki indartsu mantentzea garrantzitsua da, ez hondoratzea. Bueno, ez dakit, surfean ere, hobekuntza lortzeko, gainontzeko gauza eta alor guztietan bezala izango da, lan egin behar».

H.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo