GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Europar Batasunaren benetako kezka ez da demokrazia, bere interesak baizik

Hainbat herrialde arabiarretako matxinadak Europar Batasunaren kezka dira. Baina ez horrenbeste herrialde horietako erregimenen eskubide-urraketak, ustelkeria... Aitzitik, oraintsu arte ez dute haietarako demokrazia eskaerarik egin. Nabarmen geratu ziren Tunisian matxinadak hasi zirenean. Lotsagarria izan zen zenbait europar estatuk, hala nola frantsesak, Tunisiako presidente Zine El Abidine Ben Ali-k ihes egin baino lehenxeago arte, Gobernu hari sostengua, are herritarrak erreprimitzeko, eskaini izana. Mendebaldea berandu eta gaizki hasi zen demokraziaren aldeko deia egiten. Hipokrisia zerion dei horri. Orain beste zenbait herrialdetan errepresio bortitzarekin erantzun diete gobernuek matxinatuei, bereziki Libian, eta EBk gaitzetsi egin du errepresio hori. Halere, dagoeneko argi dago EBren lehentasuna ez dela errepresioa amaitzea, ezta herrialde horientzako demokrazia ere, bere interesak baizik, eta hala erakutsi zuten atzo berriro ere 27 estatu-kideetako Kanpo ministroek: haien lehen kezka, Tunisiatik eta beste herrialde batzuetatik milaka lagun Italiara jo zutela ikusita, halakorik gerta ez dadin Mediterraneoaz bestaldeko herrialdeetatik datorren immigrazioa kontrolatzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo