GARA > Idatzia > Kultura

Agurtzane Elustondo izendatu dute Trikitixa Elkarteko lehendakari

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak lehendakari eta lehendakariorde berriak izendatu zituen joan den larunbatean. Hala, batzar nagusiak Agurtzane Elustondo eta Iosu Arrizabalaga Izer hautatu zituen, aho batez kargu horietarako. Bi kide berriak soinu-jotzaileak dira aspalditik eta modu batean edo bestean elkartearekin lotura estua izan dute urte askoan.

Agurtzane Elustondok txikitatik izan du trikitixa bere bizitzan eta «debozioz» da soinujolea. Jaialdi, lehiaketa eta erromerietan parte hartu izan du eta elkartearen ekimenak adi jarraitu izan ditu.

Atzo egunkari honi azaldu zionez, izendapena «ustekabean» jaso zuen eta, hasiera batean, zalantza ugari izan zituen baiezkoa ematerakoan, ekonomialaria dela eta lanbideak denbora asko kentzen diola-eta. «Ez dut lehendakaritza hartu eta aurpegia soilik jarri nahi. Zeresana badudala uste dut eta benetan parte hartu nahi nuen», esan zuen lehendakari berriak. Aitortu zuenez, trikitixarekin izandako lotura horrek bultzatu zuen baiezkoa ematera. «Asko gustatzen zaidan mundua da eta gauza asko egin daitezkeela uste dut».

Hasi duen etapa berri hau ustekabez hasi du, baina argi du hemendik aurrera egin beharrekoa; «elkartearentzako onuragarriak izan daitezkeen ekarpenak» egitea eta bere esku dagoen guztia ematea du helburu soinujoleak. Izan ere, egun gutxi igaro dira kargua onartu zuenetik eta oraindik ez da buru-belarri sartu lanean.

Kaletik etorritako soinujolea izanik, iritzi eta ikuspegi desberdinak ekartzeko aukera suertatu zaio Elustondori, baina, hala ere, jakin badaki elkartean lanean ari diren kideek Euskal Herrian trikitixak duen egoera sakonki ezagutzen dutela, «aski eskarmentatutako jendea dago sartuta». Hori dela eta, egin beharrekoak burutzen «ahalik eta ahalegin handiena» egingo duela azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo