GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abertzaleen batasunaren alde, Monzonen heriotzaren 30. urteurrenean

Telesforo Monzon ezker abertzaleko buruzagi historikoari omenaldia egingo diote heldu den martxoaren 13an Bergaran, bere sorterrian. Hiru hamarkada betetzear dira zendu zenetik, eta bere memoria ohoratzeaz gainera, bere mezuaren gaurkotasuna nabarmendu nahi dute.

p015_f01_132x132.jpg

GARA | BERGARA

Telesforo Monzonen heriotzaren 30. urteurrena beteko da datorren martxoaren 9an eta, horren karietara, Bergarako ezker abertzaleak omenaldia antolatu du bere sorterrian, Monzonen memoria ohoratu eta bere mezuaren gaurkotasuna agertzeko.

Martxoaren 13an egingo duten omenaldiaren xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo, Bergarako alkate Agurne Barrusok, Martin Garitano kazetariak eta Maite Aristegik. Kazetariak gogora ekarri zuenez, «batasuna izan da Telesforok utzi zigun mezua, herritarren batasuna, abertzaleen batasuna»; eta Garitanoren aburuz, «gaur, atzo baino argiago dago aurrera egiteko, batasuna erabat beharrezkoa dela». Batzeko garaia dela defendatu, eta «borondateak eta indarrak metatzera» dei egin zuen, «herritarren borondatea errespetatua izan dadin».

Telesforo Monzonen lana eta lekukotasuna independentziaren ametsak gidatu zituela esan zuen kazetari bergararrak, eta gaur, «haren mezuak, inoiz baino zentzu handiagoa» duela sostengatu. «Eskura daukagu gure herria, gure aberria, Estatu libre bat izateko prozesu demokratikoa. Inoiz baino baldintza hobeak ditugu abian den prozesu hori askatasun, autodeterminazio eta bakerantz bideratzeko», gehitu zuen.

Datorren igandea, beraz, Monzon omentzeko eta harekin batera «bidean gelditu diren abertzaleak omentzeko eta batasuna aldarrikatzeko» baliatuko dute, eta arratsaldean, 18.30etik aurrera Bergarako pilotalekuan egingo duten ekitaldi politikoan parte hartzera deitu zituzten herritarrak.

Igandekoa ez da Bergaran Monzonen omenez egingo den ekitaldi bakarra, Udalak antolatuta, hitzaldi eta ekitaldi sorta izango da-eta, datorren astean zehar. Monzonek kultura eta politika arloan izan zuen ibilbidea gogora ekartzea izango da hitzaldien xedea.

Astelehenean, «Telesforo Monzonen langostak eta lursagarrak» izenburuko hitzaldian Koldo Izagirre izango da hizlari. Martxoaren 11n, aldiz, Ludger Meesek eskainiko du «Telesforo Monzon eta Jose Antonio Agirre: bi lagun, bi politika» hitzaldia, eta martxoaren 14rako, Iñaki Egañaren eskutik, «Telesforo Monzon. Atzoko eta gaurko gudarien arteko lotura» hitzaldia antolatu dute. Guztiak arratsaldeko zazpietan izango dira, Monzonen jaiotetxea izan zen Olaso dorrean.

Hitzaldiez gain, martxoaren 9an, Monzonen heriotzaren 30. urtemugan bere omenezko plaka jarriko dute Bergaran. Eguerdian izango da horretarako hitzordua. Martxoaren 12an, berriz, Pantxoa ta Peiok kontzertua eskainiko dute udal pilotalekuan, 22.30etik aurrera.

plaka

Ezker abertzaleko buruzagi historikoak egindako ekarpena txalotzeko plaka bat jarriko dute Bergaran bere oroimenez. Martxoaren 9an izango da, 12.00etan, eta aurreskua dantzatuko dute bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo