GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langabezia eta lan istripuak, egia ukaezinak

Hainbat modutara jakinaraz daiteke albiste txar bat. Ulergarria da -ez ordea justifikagarria- albistearen erantzulea hain txarra ez dela konbentzitzen saiatzea, baina ia egia bera ukatzeraino iristea onartezina da. Eta horixe egin zuen atzo Lakuako Lan eta Gizarte Gaietarako sailburu Gema Zabaletak langabeziak gora egin izanaren gaineko azalpena egin zuenean. Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin izana edo beste leku batzuetan langabeziaren datuak okerragoak izatea ez da inondik inora Hego Euskal Herriko langabeziaren datu historikoak, zorigaiztoz historikoak, txikiagotzeko argumentua. Lakuako Gobernuak ezarritako neurriak -beti ere Madrilek seinalatutako ildotik-, besteak beste, enpleguak sortzeko prozedura gisa aurkeztu zituzten, baina datuek behin eta berriz berresten dute askok ohartarazi zutena, neurri horiek ez dutela langabeziaren goranzko joera geldiarazi eta, gainera, lan baldintzak kaskartu dituztela, hain zuzen. Argi eta garbi: langileak kaleratzea, enpleguak desegitea, errazagoa eta merkeagoa da; enpleguak, berriz, gero eta kalitate eskasagokoak. Bistan dira ondorio beti ere dramatikoak, batez ere prekarietate hori lan istripu bihurtzen denean. Hala gertatu zen atzo bertan Eibarren, langile bat aldamio baterik erori zenean, edo joan den ostiralean Derion, beste behargin bat istripu ez-traumatiko baten ondorioz hilda gertatu zenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo