GARA > Idatzia > Ekonomia

Europako Bankuen Agintaritzak bihar abiatuko ditu bankuen erresistentzia probak

GARA | LONDRES

Europako Banku Agintaritzako (EBA) ikuskatzaileen batzordeak bihar ekingo die Europako bankuei egingo dizkien «erresistentzia probei».

Proba horien bidez bankuen eta kutxen kaudimena aztertuko dute eta, horretarako, egoera larrietan aurrera egiteko gaitasunari begiratuko diote, iaz egin bezala.

Oraingoan, ordea, balizko kontrako inguru makroekonomikoa askoz larriagoa izango da eta aldaketa nabarmenak izango ditu.

Batzorde horrek atzo adierazi zuenez, proba hauek urrats tekniko oso zehatzek osatzen dituzte eta, horregatik, hainbat hilabete emango dituzte guztiak burutzeko.

Emaitzak ekainaren bukaeran argitaratzea espero dute, «azterketa prozesu gogor baten ondoren». Probek oinarrizko egoera bat eta kontrako egoera hipotetiko bat hartuko dute kontuan, «egoera zailetan bankuek zer-nolako kaudimena izango luketen ikusteko», azaldu zuen EBAk.

Europako Banku Zentralak (EBZ) «egoera zail» hori prestatu du eta oinarrizko egoerari dagozkion aurreikuspenak nabarmen aldatuko ditu.

Argitaratzea, hilaren 18an

Halaber, balizko inguru horrek herri bakoitzean datu ezkorrak jasoko ditu, higiezinen merkatuan, interes tasetan edo zor publikoan.

Bankuek aste honetan jasoko dituzte egoera horien inguruko datuak, eta horren ostean, eztabaidatzeko epea irekiko da.

Martxoaren 18an argitaratuko ditu Agintaritzak ezarritako egoera makroekonomikoak eta probetan parte hartuko duten bankuen izenak.

Estatuetako agintariekin metodologia eta agerian geratuko diren ahulguneei aurre egiteko bakoitzak hartu beharko lituzkeen neurriak prestatzen ari da eta apirilean argitaratuko dituela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo