GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Urdangarinen abestiak eta dantza garaikidea, bidaide

Mikel Urdangarinen abestiak eta dantza garaikidea uztartuta ageri dira «Nora» ikuskizunak. Abeslariak sortutako diskoetako zenbait abesti hautatu dituzte Traspasos dantza taldeko kideek lanerako. Donostian, Lugaritz kultur etxea, izango da bihar ikuskizuna ikusteko aukera.
p050_f01_148x099.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Mikel Urdangarinek eta Traspasos talde gasteiztarrak «Nora» ikuskizuna sortu dute. «Kontzertu dantzatua edo dantzaldi musikatua da», adierazi zuen atzoko aurkezpenean Urdangarinek. Guztira 12 kantuk osatzen dute emanaldia, eta horietatik 10 dantzariek beraiek aukeratu zituzten. Kutsu klasikoa duten abestiak dantza garaikidearekin nahasten dira piano, biolin, gitarra eta ahotsaren laguntzarekin.

«Ez du ohiko dantzaldi baten istorio narratibo zehatzik, baina badago nolabaiteko osotasuna», azaldu zuen abeslariak. Hautatutako abestiek «nolabaiteko lotura bat dute»; jaiotza, haurtzaroa, nerabezaroa, zahartzaroa eta heriotza azaltzen dituzte, kantuen funtsa giza-harremanak baitira.

Bizitzan hartzen diren erabakien aurrean paralizatuta, «ahuleziak erabat besarkatuta» gelditzeko izaten dugun arriskua agertzen da ikuskizunean, eta «besarkada» horren aurkako saiakera bat da. «Dantzaren bidez, askotan gure barnean edukitzen dugun harrizko korapiloa hausten saiatzen gara», esan zuen Urdangarinek. Efektu hori lortzeko dantza izugarri garrantzitsua dela aitortu zuen.

Traspasos dantza taldeak sortu ditu koreografiak, eta Urdangarinen hitzak entzutean «sortutako emozioak» eraman nahi dituzte oholtzara. Dantzariak Idoia Blanko, Nagore Sagardui, Ainara Biteri eta Eider Mendizabal dira eta beraiekin batera Nika Bitchiashivili (biolina), Koldo Uriarte (pianoa) eta Mikel Urdangarin (gitarra eta ahotsa) izango dira taula gainean. «Musikarientzat gogorragoa da zuzenean jotzea, eta kasu honetan are eta zailagoa da, koreografia ia guztiz lotua baita, ondorioz ezin zara isiluneetan ezkutatu». Baina sari moduan ikusten du Urdangarinek emanaldi hau.

Dantzarien ustez, luxua da zuzeneko musikarekin dantzatu ahal izatea. «Gehiago sentitzen da eta transmititzen dena ere osoagoa da», azaldu zuen Eider Mendizabalek.

Sortutako koreografiek bizitza, heriotza eta natura dituzte inspirazio iturri eta dantza mota «askea, naturala eta adierazgarria da».

Muntaia lehen aldiz ikusi zuenean harridura eragin zion Urdangarini, ez baitzuen inoiz pentsatu bere abestiek halako mugimenduak sor zitzaketenik. «Hunkitu ninduena kantu batek nola har dezakeen beste dimentsio bat ikustea izan zen, sekula ikusi ez nuena», aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo