GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA literatura / kronika

«Patxa: Besta bai, borroka ere bai»

p047_f01_36x52.jpg

Iban BALERDI I

Patxa, 1986tik 1994. urtera arte iraun zuen gazte kolektibo bat izan zen, nazio eta gizarte mailan euskal askapen mugimenduarekin bat egiten zuena. Baiona Ttipian sortua, geroago Ipar Euskal Herriko beste eskualdeetara ere hedatu zen. Kostaldean eta hirian jaiotako taldea izatea berrikuntza izan zen euskal abertzaletasunari zegokionez. Ordura arte barnealdeari, nekazaritza giroko munduari eta tradizioei lotuta zegoen euskal kultura, eta horrekin apurtu nahi izan zen, beste bide batzuk ere bazirela erakutsiz.

Eneko Bidegain idazle eta kazetari baionarrak Patxaren hasiera, garapena eta bukaera nola gauzatu ziren azaltzen duen liburua argitaratu du. Horretarako, garai hartako materiala (fanzineak, txostenak, agiriak, aldizkariak, marrazkiak eta abar) bildu, sailkatu eta itzuli du. Horiek guztiak orduko formatu berean agertzen zaizkigu, euskara batuari dagozkion berrikusketak salbu. Orden kronologikoa jarraitzen du liburuak 1985ko fanzineen lehen zenbakietatik hasi eta amaierako zatiketaren agirietaraino. Bestalde, mugimenduan parte hartu zuen hainbat jenderi egindako elkarrizketak daude, denboraren talaiatik, garai hartan egin zenari eta utzi zen arrastoari begiratzen diotenak.

Euskal rock erradikalak muga zeharkatu zuen eta biziki garrantzitsua izan zen honen guztiaren sorreran. Askotan aipatzen dira liburuan rock kontzertuak, musika entzuteko ez ezik, jendea berria ezagutzeko, errealitate desberdinetara hurbiltzeko edota tabuak apurtzeko ere balio izan zutenak. «Patxaran» fanzineko lehen zenbakietan Baldin Bada, Zarama, Hertzainak eta Kortatu musika taldeei egindako elkarrizketa motzak irakur ditzakegu. «Besta bai, borroka ere bai» dio izenburuak, ondo laburbilduz nola uztartzen ziren gauza biak, ondo pasatu eta gauzak aldatzen saiatu. Dena den, «Uztaritzeko Aberri Egunean rock kontzertuak antolatu zirelarik, sekulako eztabaidak sortu ziren. Abertzale batzuk oso kritikoak izan ziren, jarrerarekin, harrabotsarekin eta abar. Gaur egun oso normaltzat jotzen dena, hasieran ez zen ongi onartua».

Patxa mugimenduak borroka ildo desberdinak eraman zituen aurrera, besteak beste, okupazioa, langabezia, intsumisioa, errepresioaren kontrakoa, feminismoa, euskara eta begetarianismoa. Presoen alde egin zuten, Le Pen-en Fronte Nazionalaren kontra, Baionako bestetan ohikoak ziren bortxaketak salatu zituzten, etxe nahiz lokalen okupazioa sustatu... Baina hainbati beren eskaera eta portaerak muturrekoegiak iruditzen zitzaizkion, «masa mugimendurako sektarioegiak omen ziren ideiak defenditzen genituelako». Hemendik heldu ziren zatiketa eragin zuten desadostasunak, intsumisioaren borrokarekin mobilizazio handienak izaten ari ziren unean. Gerora, liburuko adierazpenetan atzeman daitezkeen haserre eta ezinikusiak.

Beste hainbatetan bezala, Gatuzain argitaletxea da Iparraldeko kontuak azaltzeaz arduratu dena. Bidegainek oraingoan ere lan eskerga egin du informazio guztia bildu eta antolatzen. Hala ere, lotura bat bota dut faltan, gertatukoaren analisia egingo zuena. Hausnarketa gehiago, irakurtzeko orduan arintasuna galduko balitz ere. Urteek aurrera egin beharko dute, agian, horrelako lan bati ekiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo