GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Gotzainen tsunamia, aleluia!

Non eta Japonian. Teknologian prestatuena ei den herrialdean. Den-dena uhinez bidez agintzen dena, komuneko deskarga barne. Hala ere, zera, hondamendia. Agur Libia. Lurrikara, itsasikara, ikara azken finean. Hango nuklearra bera ere ikaratu, halabeharrez, batek daki handik urruneko nuklearren nagusiek ikara sentitu duten. Ezer gutxi balio izan du Tokioko burtsaren indizearen goizeroko gorakadak. Burtsak han-hemengo gutxi batzuk ikara ditzake; itsasikara batek, ostera, inguruko lurtar guztiak ikaratzen ditu, kontuan hartu gabe bakoitzak burtsan dituen akzioak. Edo, zeinek jakin!, beharbada hori ere hartzen du kontuan itsasikarak, kostaldeko hainbat zabalgune burtsa-zaleek okupatu ohi baitituzte.

Tsunamiarenak latza behar du izan. Latza, horixe esan zuen aspaldian euskal herritar batek Estatuaren kloaka ilunetatik atera berrian ziega ilunetarako bidean zutela. Handik ordu gutxira geratu zitzaigun hilotz. Urte dezente joan dira orduz gero, baina Estatuaren dezentziak bere hartan dirau, minimoaren azpitik iraun ere. Sozialismoa, edo, eta guztiz. Gaurkora etorrita, eskuak lotuta egon behar izan duten batzuek Japoniako tsunamiarena nahiago zuten kloaken ikara baino. Azken finean, hango ikara argazkiek zabaldu dute edonondik, horko ikara ez bezala. Estrasburgoko Epaitegiak gure beheko Erresuma kondenatu-edo egin berri du salatutako torturak ez ikertzearren. Hortaz, zertarako balio du kondenatzeak? Zertarako kondenatu izanak, kondenatua Zuzenbidezko Estatua ei denean? Zertarako balio Estatu horren Ikerketa+Garapena?

Normalean, ez beti baina, Barea omen den Ozeano hartatik Euskal Herrira etorrita, gure beheko Estatutik pasatzeko behartuta, zerekin eta Hegoaldeko gotzainen gutun pastoral berri batekin egin dut topo. Aparte utzita, une honetan, nire fedearen inguruko kontuak, onartu beharra daukat gotzainok, behinik behin, izan badutela hegoko lurraldetasunaren ikuspegia barneratuta, zelan ulertu bestela laurok bat idatzi izana? Gainera, zertaz eta krisi ekonomikoaz! Zertarako eta merkatuaren moralitate eza kritikatzeko! Aleluia! Sortu dezatela sindikatu nagusi bat beheko Estatuan! Jainkoarren baino ez bada, sortu! Aleluia! Aleluia! Hori bai, bueltatu dezatela Nafarroan lapurtu guztia. Jainkoarren!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo