GARA > Idatzia > Ekonomia

«Haur eskolen lanak aitorpena behar du; ez da haurrak zaintzea bakarrik»

p027_f01_148x108.jpg

Leire Garro
LAB sindikatuko irakaskuntza arduraduna

Leire Garro LAB sindikatuko ordezkariak salatzen duenez, Haurreskolak Partzuergoan murrizketak ez dira soldatetan bakarrik eman. Zerbitzuaren kalitatea ere jaitsi egin da, ordezkoen eta baliabideen faltagatik. Bere ustez, 0 eta 3 urte arteko zikloko hezkuntzak oraindik ez du behar duen aitorpena lortu.

Pablo RUIZ DE ARETXABALETA

LAB eta STEE-EILAS sindikatuek hiru orduko lanuztea deitu dute datorren martxoaren 22an Haurreskolak Partzuergoan, soldaten zein lan baldintzen murrizketak salatzeko. Murrizketa horien ondorioz, 0 eta 3 urte bitarteko zikloaren kalitatea jaisten ari dela salatu dute. Leire Garro LABeko ordezkariak ziklo horren garrantzia nabarmendu eta behar duen aitorpena eskatu du. Bizi duten egoera zailean, hauteskunde sindikalak izan dira Partzuergoan eta LABek irabazi ditu.

Zer balorazio egiten duzue hauteskunde sindikalen emaitzak ezagutu ondoren?

Positiboa. Erronka handia zen mantentzea eta pozgarria izan da lau ordezkari gehiago lortzea. Eskertzekoa da langileen aldetik izan dugun babesa.

Eragina izan du gaur egun Partzuergoan bizi den gatazkak?

Hainbat gertaerek eragina izan dute, baina azken lau urteotan lan txukuna egin dugu.

Lanuztea deitu duzue murrizketen aurka. Zer-nolako eragina izan dute murrizketek ?

Eragina izan dute zerbitzuaren kalitatean. Egunerokotasunean langileen lan baldintzetan eragiten du, haurrengan eta familiengan. Ordezkapenak ez dira betetzen lehenengo egunetik; ordezkoak falta dira; prestaketarako ordu gutxiago sartzen ditugu haurrekin egoteko; ekintza pedagogikoak edo jarduerak prestatzen ditugunean, haurren adina kontuan hartzen badugu, beti behar ditugu bi pertsona, baina, aldiz, agian ez dago pertsona hori, eta, lan pedagogikoa erraztu beharrean, zailtasunez betetzen ditugu hainbat egoera. Gainera, kudeaketako langileak ditugu, oso kopuru txikia dira, hezitzaileak baino gutxiago, baina momentu honetan ordezkapenak ez dira betetzen eta lan berdina atera behar dute aurrera.

Familiek nabaritu dute?

Beraiekin harremanak askoz motzagoak dira. Haur txikiak direnean familiarekin dagoen harremana oso-oso estua da, eta hori zaindu behar da, baina hor dedikazio gutxiago dugu. Familiekin eguneroko hartu-emanak motzagoa izan behar du ezinbestean, eta, agian, ez diogu horrenbeste denbora dedikatzen pertsonal faltagatik edo ordezkapenak ez direlako betetzen.

Zein izan da Administrazioren erantzuna?

Hainbat eskaera egin ditugu irailetik, igoera aplikatu eta murrizketarik ez egoteko. Momentuz ez dugu inolako erantzunik jaso; ea jarreraz aldatzen duen Administrazioak eta konponbide batera heltzen garen.

STEE-EILASekin egin duzue lanuztearen deia. ELAk, aldiz, beste deialdi bat egin du. Zer dela eta banaketa hori?

Hasiera batean, abenduan negoziazio mahaia utzi genuenean, STEE-EILAS eta ELAri urtarrilean biltzeko deia luzatu genien, baina urtarrilaren 27rako greba deialdia zegoenez, pixka bat atzeratu egin zen. Bitarte horretan hiru edukien gainean lan egin genuen: hezkuntza zerbitzuaren kalitatea, murrizketak ez genituela onartzen eta soldaten murrizketak ere ez. Pentsatzen guenen gure kolektiboak pairatzen duen egoera jendarteratu behar genuela. Bi ekintza antolatu genituen elkarrekin, baina, azkenean, ELAk erabaki zuen aliantza horretatik irtetea; uste dugu interes propioak zirela medio. Uste dugu momentu honetan badagoela eduki gehiago elkarrekin egoteko. Ez dugu ulertzen zergatik ez gauden. Atea irekita dago.

Irakaskuntza arloan ere antzeko arazoak daude, berezitasunik ote du Partzuergoko egoera horrek?

Ziklo honek aitortza bide bat behar du oraindik. Oraindik pentsatzen da haurrak zaindu egiten ditugula bakarrik; aldiz, guk hemen lan pedagogiko handia egiten dela aldarrikatzen dugu. Ezaugarri propioekin, haurren adina hala delako. Funtzio berdinak betetzen ditugu, gehi haurraren elikadura, atsedena eta garbitasuna. Titulazioz, batzuk magisteritzakoak dira, eta, beste batzuk, lanbide heziketakoak; aldiz, funtzioak berdinak dira. Ez da kasualitatea sektore hau oso feminizatuta izatea; lan baldintzei dagokienez ere lan hau ez dago hain aitortua. Baditugu aitzindari batzuk haur eskoletan; 70eko hamarkadatik hemen daude, eta, hala ere, oraindik ez dute aitortza lortu. Bide horretan lanean ari gara. LABek planteatzen duen proiektua haur eskolen eredu berri bat sortzea da eta langileok subjektu aktiboak izan behar dugu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo