GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Beaskoetxea eta Arturo Villanueva Jarrai-Haika auzian auziperatuak

Harrobiaz, harro eta bi

Gazteriak urte luzeetan zehar erakutsitako antolakuntza eta borroka militantearen ondorioz sorturiko ondarea ikaragarria da. Harro egoteko modukoa

Aste gogorra bizi izan zuten zortzi gazte independentistek Nafarroa Beherean. Gogorra bezain ederra. Gure borrokaren mikrokosmosa bihurtu zen Izpura zazpi egunez. Konpromisoa, duintasuna, ausardia, tinkotasuna, borroka grina, elkartasuna, maitasuna, irudimena, babesa... izan ziren herriko ikastetxean jorratutako ikasgai nagusiak.

Joan den astean bertan bete dira hamar urte guk antzerako bizipenak bizi izan genituenetik. Zuek bezala guk ere amesten genituen Euskal Herria eta mundu berria estatuen eta sistemaren amesgaizto bihurtu ziren. Amets haiek larrutik ordaindu genituen egun zuek ordaintzen ari zareten bezala. Espetxea, erbestea, klandestinitatea... ezagutu genituen, eta gutako batzuk oraindik ere egoera horietan bizi gara.

Hamar urte hauetan, beren lan politiko soilarengatik 300 gazte baino gehiagok jaso dute estatuen gerra makinariaren eraso zuzen eta bortitza. Estatuek gazte mugimendu osoa jopuntuan izan dute. Hamarkada honetatik haratago, orain dela 30 urte ekin zion gazteriak Euskal Herriaren aldeko borrokara batzeko bideari, herri honen oinarrizko beharrezko zutabeei heldu eta gazteriaren berezko arazoei erantzungo zien borroka zehatz eta zuzenak dinamizatzen hasi zenean; ordutik hona, gazteria iraultzailearen aurka jorratu duten erasoaldia borroka eta antolakuntzaren neurrikoa izan dela begi bistakoa da.

Izan ere, errepresioaren estrategiaren antzutasuna agerian gelditu da. Horren froga da gaur egun eta etorkizunean independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan hamaika fronte irekiz eta garatuz diharduten eta arituko diren milaka gazteen konpromisoa. Sistemaren eta Estatuaren erasoaldi bortitza pairatzen ari garen garai hauetan ere hamaika oztopoei aurre egin eta arlo guztietan jo eta ke lanean aurkituko ditugu gazteak. Gazte mugimenduan hazi, trebatu eta hezi ondoren, beste borroketan ezinbesteko lana burutzen duten gazte aunitz dago egun.

Baina aipatutako erasoaldia egiturazkoa den heinean, Euskal Herrian dagoen gazte mugimendu aberatsa eta indartsua, belaunaldi berriak borrokara lotzeko gaitasuna duena, etengabean borroka molde berriak eta gune askeak sortzeko gaitasuna duena, kolokan jar dezake. Sartzen ari garen fase politiko berrian aurreikus ditzakegun arriskuek mehatxu hori areagotu ahal dute. Gatazka konpontzeko eman diren beste prozesuetan ikusi dugu. Akats suizida litzateke gurean berdin gertatzen uztea. Mundu mailan dagoen gazte mugimendurik arrakastatsuenetarikoa da gurea eta gurera begiratzen dute gero eta gehiago munduko hamaika lekutatik. Gure herriaren etorkizunari eta munduko iraultzaileei zor diegu alferrik ahultzen ez uztea.

Gazte mugimenduaren balore estrategikoa agerian geratzen zaigu, beraz, behin eta berriro. Estatuek oso ongi ulertzen dute hori eta errotik moztu nahi dute. Borrokaren fase politiko berrian sartzen ari garen honetan, borroka tresna berriak definitzen ari garen honetan, balore estrategiko hori inoiz baino gehiago babestea ere zeregin estrategikoa bihurtu behar da abertzaleontzat. Belaunaldi guztien babesa behar dute gure gazteek. Babes irmoa, praktikoa, politikoa eta kontsekuentea. Hil ala bizikoa. Errepresioaren aurreko babesa zein babes ideologikoa leku guztietan zabaldu behar dira, gure ustez.

Gazteek ere ongi dakite beren burua babesten. Hamarkada gogor hauetan kaleetan erakutsitako autodefentsarako adorean edota antolakunde eredu berriak asmatzeko orduan ongi erakutsi dute. Gazte mugimendu iraultzaileak, krisian egon denean, beti asmatu du bide berriak jorratzen. Independentzia borrokatu du eta independentzia praktikatu du. Horretan datza etorkizun arrakastatsuaren gako garrantzitsuenetarikoa. Eta hori ere babestu beharrekoa da.

Gazteriak urte luzeetan zehar erakutsitako antolakuntza eta borroka militantearen ondorioz sorturiko ondarea ikaragarria da. Harro egoteko modukoa. Ospatu eta indarrak berritzeko parada ematen digu. Aldi berean, osatutako ondare hori fase politiko berrian konfiantzaz eta kemenez sartzeko oinarri sendoa da.

Bidean geratu direnak, espetxeetan urteak eman eta ematen ari direnak, sasian edota erbestean daudenak, auzo, herri, ikastetxe, unibertsitate eta lantegietako testuinguru latzetan borrokatu eta borrokatzen direnak... denek lagundu dute oinarri hori osatzen. Horregatik denon ahalegina gogoratu nahiko genuke oraingoan.

Egun hauetan denon borroka lehen lerroan, duintasunez eta adorez, ordezkatzen ari den Irati gazteari gure besarkada beroa bidali nahi diogu. Gaur egungo gazteek harrotasunez eta inspirazioz betetzen gaituzte, denok indartzen gaituzte. Zuek zarete gure herriaren hoberena. Ez etsi, eutsi beti. Aurrera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo