GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroaren Eguna «berezia izanen da aurten, aro politiko berrian» ospatuko delako

Aberri Egunarekin bat egingo du aurtengo Nafarroaren Egunak. Basaizea elkarteak «sentsibilitate askotariko abertzaleak» biltzen dituen Independentistak sarearen ekimenekin uztartu ditu ospakizunak.

p019_f02.jpg

A.M. | BAIGORRI

Ezohiko egoerari, ezohiko antolakuntza. Horrela laburbil daiteke Baigorrin Nafarroaren Eguna antolatzen duen Basaizea elkartearen deliberoa. Euren burua «abertzale xumetzat» jota, elkarteko kideek nabarmendu dute Euskal Herrian «egoera politiko berria ireki den honetan, aurtengoa berezia» izanen dela.

Hala, Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna «batera ospatzea» erabaki dute. Baigorriko ekitaldia «batasunaren aldeko lehen seinalea izanen dela» espero dute antolatzaileek, ondorengo hilabeteetan egin beharko diren urratsen aldeko lehen keinua, alegia.

1978tik egun horren karietara aldarrikatu dutena gauzatzeko baliatzea nahi dute aukera hori. Izan ere, urtero egin ohi duten gertakarien bilanean, Estatu frantses eta espainolaren «menpeko» izateak Euskal Herriari ekartzen dizkion «ondorioak (torturak, atxiloketak, euroaginduak...)» gogoratzeaz gain, «alderdi abertzaleak ezin elkartuz» eta «abertzale xumeak pasibitatean sarturik» ikusten dituela gaineratu du Basaizeak.

Horiek horrela, Independentista sareak Aberri Egunaren harira antolatutako ekimenekin uztartuko dute beraiena. Beren ustetan, Independentistak «alderdi askotariko abertzaleak biltzen dituenez, neutraltasuna» bermatuta dago, eta gainera, bi ekimenek «izpiritu berbera» dute oinarri, «Basaizearen baitan ere pentsaera desberdineko abertzaleak baitaude».

«Aro berriaren» aukerari eutsita, deialdi berezia egin diete alderdi abertzale guztiei, apirilaren 24an, elkartasun giroan bil daitezen Baigorrin.

Gernikako Aberri Egunaren ospakizunekin bideokonferentziaren bidez lotura eginez, Independentistak sareak ekitaldia antolatu du Gaztainerreka pentzean, 13.00etan puntu-puntuan.

Ohiko egitaraua

Nafarroaren Eguneko egitaraua, berriz, ohikoa izanen da. Goizeko hamaiketan kabalkada abiatuko da geltokitik plazara, eguerdian, dantzari, gaitero, joaldun, zigante, txistulari eta trikitilariak plaza nagusian biltzeko, eta, bertan, Basaizearen hitzak entzuteko.

Ikastolek prestaturiko bazkaria 14.30ean hasiko da, eta arratsaldean, ikusgarriak, dantzak eta musika taldeak gailenduko dira plazan.

Aurten, ohiko Kultur astea Nafarroaren Egunetik landa izango da. Egitaraua www.basaizea.com helbidean aurkitu daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo