GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

JULEN MURGOITIO

Agur Ben-Hur!

Prozesioen garaia da oraingo hau, urtero izaten den legez. Kaleetan bezala pinudietan ere, berdin. Pinuko prozesionariak behintzat aurpegia agerian irteten dira, ez dute ezer ezkutatzeko. Aste santua. Bai, lekuan lekuko santua paseoan ateratzeko astea izan da hau. Urte osoan elizaren barruan hormari bizkarra emanda egon ondoren patioko argira ateratzeko unea. Irteera operazioa-edo. Eta jakina, hiri handietan santu pilo bat dagoenez, eliza bakoitzak bana, gutxienez, eta denak argira une berean ateratzen dituztenez, horra! santu-ilarak kale nagusietan. Hauxe kalbarioa! Nonahi gurutze-bideak egunotan. Amen. Bestelako prozesioak ere hiri handietako erdialdean, opor-kofradiakideak argazki-kamera aldean eta mugikorra gorputz-adar hartuta helburu turistiko batetik bestera, kosta ahala kosta, ilaran ere. Bitartean, kofradiako arrantzaleak itsasotik bizi nahian, saiatzen. Hau gurutzea! Prozesioak errepide nagusietan ere. Errepidea bera helburu turistiko hartuta, antza.

Irteera operazioa. Preso bat askatu eta prozesio bateko santuak kalean ematen duena baino denbora gutxiago pasatuta, horra! berriro preso sartu nahi! ez berak, besteek baizik; doktrina esaten duten horrengatik. Doktrina santua. Zigor-erlijioa. Baina prozesu politikoa aurrera doa, prozesatuak eta guztiz. Horren bidetik, ez errepidetik, helduko da itzulera operaziorik gabeko irteera operazio behin betikoa. Hortaz, bestelako prozesioak dira gaur Gernikan eta Baigorrin, santurik gabeko bestelako sinesmena agerian. Bai, kutsadurak hartu ditu gaurkoan herri biok, osasunez betetako kutsadurak hartu ere. Bitartean, lupaz gaixo dauden horiek prozesioak ezin ikusi geratuko ziren aurton, seguruenik, egunez eta gabez begia lupari itsatsita, arnasa hartzerik ez den bulegoren batean.

Aurton ere, berriro ere, prozesioez bete dute telebistako goiza; prentsan irakurria, ez pentsa! Eta erromatarrez bete horko arratsaldea; prentsan irakurria, ez pentsa! Erroma hutsik beharko egunotan! eta beteta badago ez dira erromatarrak izango! Aste Santua pasatuta ohikoa esango dugu, oraingoan ere: agur Ben-Hur!, baina datorren urtean hortxe izango da, beste behin ere, Espartakoren ondoan. «Brianen bizitza» emango balute, sikiera! Baina ez dute emango, bitartekarien apologia izango litzateke eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo