GARA > Idatzia > Mundua

Dozena bat soldadu hil dira Kanputxea eta Thailandiaren arteko mugan, borroketan

Otsaileko borroken ostean elkarrizketak abiatzeko prestutasuna agertu zuten arren, aurrez aurreko odoltsuen protagonista izan dira berriz ere bi herrialde mugakideak. Milaka lagun ebakuatu dituzte.
p034_f01_148X104.jpg

GARA | BANGKOK

Atzean geratu dira Kanputxearen eta Thailandiaren arteko elkarrizketa zantzuak, horretarako intentzioa agertu eta hilabete eskasera, aurrez aurreko odoltsuen protagonista izan baitira azken hiru egunetan mugakide diren bi herrialdeak. Istiluak ostiral goizaldean lehertu ziren Surin probintzia bereizten den mugan ¯Thailandiaren ipar-ekialdean eta Kanputxeako iparraldean¯; Thailandiako komandantzia militarraren bozeramaile Prawit Hookaew koronelak atzo jakitera eman zuenez, Ta Kawai tenpluaren inguruetan hasi zen borrokaldia, eta lau ordu iraun zuen.

Lekukoek diotenez, bi armadak elkarri tiroka ibili ziren, eta hogei bat lagun eraman behar izan zituzten ospitalera horren ondorioz. Albiste agentziek azken orduan emandako datuen arabera, hamaika soldadu hil dira eta beste hogeita hamar bat zauritu dira bi eguneko liskarretan; mugatik hamabost bat kilometrora dagoen Phanom Dong Rak ospitalean, ordea, zauritu gehiago jasotzeko gertu ziren atzoko azken orduan, metraileten kalaka hotsa ez baitzen artean isildu bi herrialdeak banatzen dituen mugan.

Hookaew koronelak nabarmendu duenez, tiroketa gogorrak izaten ari dira, eta horregatik, inguruan bizi diren herritarrak ebakuatzea erabaki dute, horien artean ezustekorik gerta ez dadin. Zehaztu duenez, jatorri thailandiarreko 20.000 lagunek euren etxeak utzi behar izan dituzte, eta eskola publiko zein eraikuntza ofizialetan eman diete aterpea. Emakumeak eta haurrak dira, batik bat, gune horietan babestutakoak, eta borroka behar baino gehiago luzatzeko arriskua dagoelakoan, giza laguntza banatzen ere hasi dira horien artean.

Indonesiaren bitartekaritza

Mugakide diren herrialdeen artean azken bi egunetan izan diren borrokak ez dira azkenaldian izan dituzten bakarrak; pasa den otsailean ere zortzi lagun hil ziren inguru berean lau eguneko aurrez aurreko bortitzen ondorioz. Auzian bitartekari gisa jarduteko prestutasuna agertu zuten orduan Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkartea osatzen duten herrialdeak, Indonesia hautatuz misio horretarako; horrekin ados azaldu ziren Thailandia eta Kanputxea ere, baina negoziazioak etetea erabaki zuen azken orduan Bangkokek, Jakartaren esku-hartzeak kontuak nahaspila zitzakeela iritzita.

Bi herrialdeak banatzen dituen lurraldearen jabetza da, zehazki, Thailandiak eta Kanputxeak elkarri horrenbeste urtez halako ezinikusia izatearen arrazoia. 2008an are gehiago gaiztotu ziren hartu-emanak, gainera, tirabiren inguru horretan dagoen Preah Vihear tenplua gizadiaren ondare izendatu eta Kanputxeako lurraldeari dagokiola ebatzi zuenean Unesco-k. Tenplua kanputxearren lurraldean dagoela aitortzen du Thailandiak ¯halaxe ebatzi zuen Hagako Nazioarteko Auzitegiak ere 1962an¯, baina horren alboko 6,4 kilometro koadroko lurrak eurenak direla ziurtatzen du.

MEMORANDUMA

2000. urtean hartu-emanak hasi eta elkar ulertzera ailegatzeko memoranduma izenpetu zuten Thailandiak eta Kanputxeak. Bistakoa da bere horretan geratu zela sinatutakoa.

TENPLUAK

Bi herrialdeak banatzen dituen muga tenpluz josita dago, horietako asko, Kanputxeako Khmer Gorrien Inperioaren loraldian eraikitakoak. Horiek inguratzen dituzten lurrak bereganatu nahi ditu Thailandiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo