GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT linea berriari 79 milioiko ekarpena egitea onartu du Pauek saio tirabiratsuan

Kontseilu Nagusian gehiengoa duen PSk proposaturik, Toursen eta Bordelen arteko AHT linearen trazatu berria egiteko diru ekarpena 79 milioi eurokoa izateraino emendatzearen aldeko eztabaida egin zuten atzo Pauen. Bozketan, gehiengoa horren alde agertu zenez, proposamena onartu egin zen. 2008an 53 milioi euroko diru laguntza onartu zuen AHTren linearentzat. Emendatzeko asmo horrek eztabaida sutsuak piztu zituen Kontseilu Nagusian.

GARA |

Kontseilu Nagusiko gehiengoa Bordelen eta Toursen arteko AHT linea berriaren aurrekontuetara 26 milioi euro gehitzearen alde agertu zen atzo. Egun osoko eztabaida bizi baten ondotik, arratseko bederatzietan ekin zioten bozketari. Kontseilua osatzen duten 52 kontseilarietatik 32k alde bozkatu zuten, hiruk aurka eta eskuineko hamazazpik ez zuten bozketan parte hartu, ezta PSko bik ere. 2008an Kontseilu Nagusiak 53 milioi euro ordaintzearen alde bozkatu zuen. Atzoko bozketarekin, beraz, trazatu berrirako guztira 79 milioi euro bideratzea onartu zuten.

Martxoko hauteskundeen ondotik AHT linea berriaren alde dagoen PS alderdiak gehiengoa lortu zuela-eta, eztabaida berriz abiatzea erabaki zuen diru zama 26 milioi euro gehiago emendatuz. Georges Labazee Kontseilu Nagusiko buruak gogoratu zuenez, «badira txosten batzuk, herritarren iritziaren aurka doazenak baina garrantzitsuak direnak, AHTk gure Departamendura iritsi behar du».

«Egitasmoaren aurka direnek aurkezten dituzten datuak» aztertuko zituztela ziurtatu zuen, baina lehentasuna AHT Bordelera iristeari eman behar zaiola aipatu zuen. AHT egitasmoa diruz hornitzeaz gain, Gobernu frantsesa Paue eta Oloroe lotuko dituen autobidearen egitasmoa egiteko 60 milioi euroko diru-laguntza ematera engaiatu zela ere gogoratu zuen Labazeek.

Adierazpen horiekin ireki zuten trazatuaren aurrekontuari buruzko eztabaida. Bozketa arratsean izan zen, eta tartean Kontseilu Nagusiko alderdi ezberdinek hitza hartzeko aukera izan zuten. Oposizioko Force 64 zentristak eta eskuineko UMP alderdiek ezadostasunak azaldu zituzten. Atzoko eztabaida gibelatzea eskatu zuen Max Brissonek Lapurdiri dagokion egitasmoan ikerketa osagarriak izan arte. «Ondotik egitasmoaren inguruko eztabaida lasaikiago berriz hartzeko aukera izango dugu», erran zuen.

Zentristen mozioa

Force 64k ildo bereko adierazpenak egin zituen eta bozketa gibelatzeko mozio bat proposatu zuen. «Estatua eta Akitaniako Kontseilua proiektua indarrean sartu nahian ari dira, ez dugu ulertzen zergatik duten hainbeste presa», salatu zuen. Eta, mozioaren bidez Paue eta Baionarekiko loturak argitzeko, eta Euskal Herria zeharkatuko duen egitasmoaren atala «inposatu» ordez eztabaidatua izan dadin eskatu zuen. 26 milioi gehiago ematearen alde bozkatu aurretik bermeak eskatu zituzten beraz, eskuineko alderdietako ordezkariek.

Hala ere, PSko kontseilariek ez zuten bat egin azalpen horiekin. Nathalie Franckek (PS) AHT egitasmoa autobide baten sorreraren truke eztabaidatzea, Labazeek egin bezala, lotsagarritzat jo zuen eta aurka bozkatuko zuela jakinarazi zuen. Alain Iriart kontseilari abertzalea ez zen RFFk iragartzen duen proiektuaren edukiarekin konforme eta egungo trenbidearen berritzeak lehentasuna duela nabarmenduz, moratoria bat eskatu zuen.

AHT linea berriaren aurkakoek, bestalde, mobilizazio egun bat finkatua dute biharko. Goizean jarria dute hitzordua Mugerreko kiroldegiaren atarian, eta ondotik, tren linea berriaren trazatuan ibilaldia eginen dute bazkaria tartean izanen dutelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo