GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Hizkuntz normalizazioa

Osakidetzan euskaraz aritzeko eskubidea gaixo dago

Euskarak Administrazioan pairatzen duen gai- xotasuna ez da kronikoa, tresna egokiak erabiliz gero, baduelako sendabiderik. Horretarako, eraginkortasuna eskatzen dio Behatokiak hizkuntza politikari. Funda-zioak dokumental bat aurkeztu zuen atzo, euskaldunek osasungintzan pairatzen dituzten urraketak salatzeko.

p016_f01_199x116.jpg

Oihane LARRETXEA

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurten jasotako kexen artean lehenengoa osasungintza arlokoa da. Hain zuzen, euskaraz artatu zezaten nahi zuen gaixo batek pairatu zituen urraketak salatu zituen. Oñatiko Kepa Elortzak eman zuen gertaeraren berri fundazioaren «Euskararen telefonoa»n (902 19 43 32). Kasuaren «larritasuna» ikusita, Behatokiak «Duintasun bidea» dokumentala ekoiztu du eta atzo aurkeztu zuen Donostian.

Elortzak hamabi urte daramatza borrokan, hain zuzen, osasun arloan euskaraz mintzatzeko eskubidearen alde egiten, baina azken hilabeteetan, ordea, eskubide hori «etengabe» ukatu diote. Eritasun bat dela-eta, sendagile eta espezialista ugarirengana jo behar izan du eta izandako hitzordu guztietan arazoak izan ditu profesionalekin zuzenean euskaraz aritzeko. Batzuetan itzultzaile lana egiten zuen makinaren bidez komunikatu behar izan du medikuarekin eta, beste batzuetan, itzulpena egiten zuen pertsona baten laguntzarekin. Egoera honetan, Elortzak hala dio dokumentalean: «Osasuna eta hizkuntza aurrez aurre jartzen dira, baina zergatik hautatu behar dut? Zergatik egin behar dut erdaraz gainera euskaraz egiteko eskubidea dudanean?».

Kasuak izen eta abizenak dituen arren, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak adierazi zuen helburua ez dela gertaera zehatz hau salatzea soilik, baita egoera orokorra zein den argitara ateratzea ere. Ideia orokor bat marrazteko, Petriatik azaldu zuen fundazioaren hamar urteko ibilbidean milaka dei jaso dituztela aipatutako telefonoan eta horietatik ehunka eta ehunka osasun zerbitzuarekin lotuta daudela.

«Azken urteotako diagnosian Osasun Saila beltzunea izan da herritarren hizkuntza-eskubideen bermean -erantsi zuen-, eta kezka handiz ikusi ditugu urraketak: mediku erdaldunak, harrera zerbitzua euskalduna ez izatea, bozgorailuetako informazioa erdara hutsean ematea... Osakidetzako edozein erabiltzailek ikus dezake EAEko zerbitzu publikoa euskalduna izatetik oso urrun dagoela».

Nork erantzun?

Bai Petrati, baita atzo bildu ziren Jagoba Zulueta (LAB), Aloña Ibarluzea (ELA) eta Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) Roberto Manjonen hitzetan, zerbitzu publikoek egun oraindik eskubide hauek ez bermatzearen erantzukizuna Administrazioarena da. «Eraginkortasuna da hizkuntza politikak behar duena, neurriak hartu behar dira eskubide hauek betetzen direla ziurtatzeko», adierazi zuen Petriatik. Eta hala, bi galdera jarri zituzten mahai gainean: «Bigarren mailakoak al dira zerbitzua euskaraz nahi duten herritarrak?» eta, bestetik, «Kexen zain egon behar al du Osakidetzak herritarren eskubideak bermatzeko?».

Langileen ikuspuntutik hitz egin zuen Manjonek, eta salatu zuen Osakidetzako euskara plana berandu heldu dela, hain zuzen, 2005. urtean, hots, osasun zerbitzu publikoa sortu eta handik hogeita bi urtera. Euskaltzale gehienek asmo hau eskastzat jo dutela esan zuen, eta gogorarazi zuen 2009. urtean egindako ebaluazioak erakutsi duela bai Osakidetzak, baita Osasun Sailaren agintaritzek maila guztietan, «salbuespenak salbuespen» ez dutela Euskara Plana beren plantzat hartzen. Hala ere, «planaren helburuak beteta ere, Osakidetza euskaldun izatetik oso urrun» egongo litzatekeela salatu zuen.

Unibertsitatea, giltzarri

Orain hilabete inguru, euskal osasungintzak etorkizun beltza duela salatu zuten EHUko Medikuntza Fakultateko ehunka ikaslek «Medikuntza euskaldundu!» plataformaren bidez. Besteak beste, irakasle euskaldunak, euskaraz idatzitako materiala eta praktikak euskaraz egin ahal izatea eskatzen dute eta ideia horiekin erabat ados agertu zen Petriati. «Sorgin-gurpila da. Ikasleek euskaraz ikasterik ez badute, ez dago mediku euskaldunik, eta profesionalak ez badaude, herritarrek ez dute euskarazko zerbitzurik».

Osakidetzan euskara jakitea derrigorrezkoa ez dela gogorarazteaz gain, medikuak euskalduntzeko plangintza eza salatu zuen. «Administrazioan, eta osasun zerbitzu sarean sartzeko euskaldunak kontuan izan behar dira, bestela bigarren mailako herritarrak sortzen egongo gara», amaitu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo