GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoen biziarteko zigorraren kontrako mobilizazioa Arrasaten

Euskal preso politikoek egun pairatzen duten biziarteko zigorra salatzeko eta euren eskubideak aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dute larunbaterako Arrasaten bertako eta Aramaioko eragile ugarik. Askatu berri duten Jon Agirre Agiriano aramaioarraren kasua nabarmendu dute.

p014_f02.jpg

GARA | ARRASATE

Arrasateko eta Aramaioko eragileek deituta, euskal preso politikoek pairatzen duten biziarteko espetxe zigorraren kontrako manifestazioa izango da larunbatean (18.00, Arrasateko Herriko Plaza).

Hainbat espetxetan 30 urte pasa eta gero, askatu berri duten Jon Agirre Agirianoren kasua ekarri zuten gogora, eta eskualdean Luis Mari Azkargorta Kantori eta Jose Ignacio Gaztañagari doktrina berezi bera aplikatu zietela gogorarazi zuten. Bestalde, Xabier Urizarrek eta Jesus Mari Zabartek espetxean 25 urte bete dituztela nabarmendu zuten, zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta badituzte ere. Horrez gain, gaixo dauden presoak aska ditzaten ere exijituko dute.

«Kolektibo honi aplikatzen dizkioten muturreko neurriak desaktibatzea lortu behar dugu. Inoiz zilegi izan ez badira ere, gaur egungo testuinguru politikoan are gutxiago. Espetxe politika konponbidearen testuinguruan jartzeko exijitu behar diegu espainiar eta frantziar gobernuei», esan zuten.

Horrez gain, euskal preso politikoen kolektiboa Euskal Herriko espetxeetan batzeko eskatu zuten, «beraien eskubide indibidual, zibil, kolektibo eta politiko guztien jabe. Euskal Herrian abian den prozesu politikoan inolako trabarik gabe parte har dezaten».

«Urtarrilean presoen eskubideen aldeko aldarriak duen indarra erakutsi genuen Bilbon. Urratsa eman genuen. Hileko azken ostiralero, indarrak metatuz, urratsak eman ditugu. Baina oraindik bide luzea dugu egiteko», esan zuten.

Mobilizazioaren deitzaileen artean, Etxerat, Ion Agirre Herri Ekimena, ezker abertzalea, ESK, EHE, Aralar, Kooperatibetako Presoen Aldeko Taldea, EA, LAB eta eskualdeko dantza talde, taberna, futbol talde, jai batzorde, mendi elkarte eta denda ugari daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo