GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz I |ruñea

Andre eta jauntxokeriak

Iruñeko Alde Zaharreko guraso talde batek sinadura mordo handi bat lortu du, Udalak Alde Zaharrean, auzorako, 0-3 urte bitarteko haur-eskola euskaldun bat zabal dezan eskatzeko. Jende askok bat egin omen du eskaera horrekin. Jakin beharra dago, hala ere, 0-3 urteko eskolei dagokienez, bi baino ez daudela euskaraz Iruñea osorako, eta biak Txantrea auzoan. British eredukoak, aldiz, ingelesekoak, alegia, dagoeneko Arrotxapean, Milagrosan eta Buztintxuri auzoetan zabaldu dituzte, inolako herri-errebindikazio eta mobilizaziorik egin behar izan gabe, baizik eta alderantziz, bedeinkazio guztiak jasota.

Arazo hau aspalditik heldu da. Arazoa da, jakina, Yolanda Barcinak eta bere taldekoek, PSNren laguntza bikainarekin, horrela nahi izan eta nahi dutelako. Gaur egun Nafarroa Garaian eta Euskal Herri osoan, jende gehienak jotzen du eleaniztasunaren alde, baina, jakina, euskara oztopatu eta baztertu gabe.

Iruñeko Alde Zaharreko guraso talde horrek eskatzen duena da, euskarak eta bere erabiltzaileek izan ditzaten gaztelaniak dituen eskubide berberak, bakar bat ere gutxiago eduki gabe.

Eta hori, gainera, ez da gertatzen bakar-bakarrik Alde Zaharrean, baizik eta Iruñerrian, Nafarroa Garaian eta Euskal Herri osoan, oro har.

UPN eta bere laguntzaileak amorratuta dabiltza azken urte hauetan, berez publikoak ziren haur-eskolak pribatizatzeko, euskaltzaleei ahalik eta oztoporik gehien jartzeko eta ingelesari, berriz, ahal dituzten erraztasun guztiak emateko. Hori guztia, gainera, makillatu nahi dute demokraziaren ukenduarekin, baina egiten duten gauza bakarra da ariketa guztiz antidemokratikoa, daukaten botereaz errukirik gabe abusatu modu ilogikoan, eta herritarren zati oso handi baten aurka jokatu modu guztiz lotsagabean, hizkuntza bat bere kultura, usadio eta nahiekin ahalik eta gehien zapaltzeko.

Hortaz, eta bukatzeko, oso gaizki irizten diot Iruñeko Udal Gobernuaren jarrerari gai honetan. Euskarazko behar beste haur-eskola ireki beharko lituzke. Beraz, bai eleaniztasunari euskara kaltetu gabe, euskararen ofizialtasunari Euskal Herri osoan, irakaskuntza publikoari, euskararen lege/ordenantzak hobetzeari, eta, inola ere ez mota guztietako andre eta jauntxokeriei!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo