GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskara, diskurtsoaren edergarri baino gehiago

Euskal Herrian Euskaraz taldeak euskararen egoera gogorarazi zuen atzo, edozein euskal herritarrek, inongo ikerketaren beharrik gabe, suma dezakeen egoera. Gaztelania eta frantsesa nagusi dira eta instituzio gehienak herritarren atzetik doaz desoreka ikaragarri horri aurre egiteko garaian. Maiatzaren 22ko hauteskundeetatik udaletan, batzar nagusietan eta nafar Parlamentuan izango diren ordezkariak aterako dira. Hautagaiek arlo guztietako eskaintzak egiten ari dira egunotan, eta eskaintza horiek euskararekiko jarrera ere jasotzen dute; zenbait kasutan agerikoa da eta beste zenbaitetan ezkutukoa -euskararen egoeraren gaineko proposamenik agertzen ez duenak haren normalizazioaren aurkako jarrera izaten du eta-. Hartara, hautagaien diskurtsoak ez ezik, edo batez ere, haien jarrera, beraien talde politikoek instituzioetan bultzatzen edo errefusatzen dituzten politikak ere kontuan izan beharko dituzte hautesle euskaldunek, baina baita euskal hiztun izan gabe euskararen, haren hiztunen eskubideak guztiz errespetatzea aldarrikatzen dutenek ere. Alderdiek, koalizioek, hautagai gehienek euskararen kontrako erasoen aurka agertuko dira, baina euskaldunek euskaraz bizitzeko eskubidearen jabe direla aldarrikatzen dutenek kanpainan eta -hautetsi izanez gero- ondoren ere jarrera horren eredu izan beharko lukete, askotan «ezerosoa» izanda ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo