GARA > Idatzia > Ekonomia

Luxat eta Paregabia enpresen geroa bi aste barru erabakiko du Baionako epaitegiak

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Luxat eta Paregabia lantegien etorkizuna aztertu zuen atzo Baionako Merkataritza Epaitegiak. Abenduaz geroztik, egungo ugazabek porrot egin ostean, esku-hartze judizialpean dago Beskoitzeko Mendiko Borda industrialdeko enpresa.

Otsailaren bukaeran zapatagintzan diharduen taldeko enpresak erosteko eskaintza aurkeztu zuten bi enpresarik. Hain zuzen eskaintza horien bideragarritasuna aztertu zuen atzo epaitegiak, baita langileek beren aldetik egindako planteamenduak ere.

Eric Dailey-k -MMD Manufacture de Maroquinerie du Dauphine enpresaren izenean- eta Jacques Royer-ek eskaintza bateratua egin dute, baina biek ez dute gauza bera fabrikatuko. Lehenak, sona handiko markentzat larruzko esku-zorroak eta maletak eginen lituzke, eta bigarrenak, berriz, Luxat marka ezaguneko oinetakoak egiten jarraituko luke.

Taldeak dituen 96 langileak ere banatuko lituzkete. Luxat-eko 42k MMDn lan egingo lukete eta beste hamabik Royer-entzat, Paregabiako beste hamar langilerekin batera.

32 lanpostu galdu

Luxat Developpement-eko erdi-mailako langile bakan batzuk ere hartuko zituztenez, guztira 32 lanpostu galduko lirateke.

Langileen ordezkariak eta sindikatuak Epaitegiaren deliberoaren zain geratu ziren, beraz. LABek «azken lanpostuaren defentsan borrokan segituko» duela adierazi zuen.

LAB eta CFDT sindikatuen babesarekin, hainbat lanuzte eta mobilizazio egin dituzte langileek azken asteetan. Horietako garrantzitsuena joan den martxoaren 19an Hazparnen egindako manifestazioa izan zen, 300 bat lagun bildu zituena.

Enpresa lekualdatzeko ezkutuko asmoak -jada produkzioaren zati bat Tunisiara eraman dute- eta duela hiru urte jasotako diru-laguntza publikoaren xahutzea salatu zuten orduan. Gainera, Ipar Euskal Herrian geratzen den zapatagintzako enpresa bakanetakoa izaki, lanpostuak ez ezik, fabrikazioaren jakintza hori ere galduko litzatekeela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo