GARA > Idatzia > Kultura

Izturitzeko harpeetan gizakiak 80.000 urtez egindako artea ikertuko dute

Nafarroa Behereko Otsozelai leizean lehenengo ikerketak 1912an hasi zirelarik, agerian geratu zen labar-artearen aztarna esanguratsu eta anitzak zeudela bertan. Aurignac aldiari dagokion estratuan hamar urteko indusketak bukatu berri dituztela, labar-artea aztertzen hasiko dira, sei urte iraungo duen ikerketan.

p040_f01_250x96.jpg

Ainize BUTRON

Indusketak 1912an abiatu zituzten Izturitze eta Donamartiri herrien inguruan dagoen Gaztelu mendixkan, Ipar Euskal Herriaren bihotzean. Lehen ikerketa horien ondotik, garrantzi arkeologiko handiko lekua dela nabarmendu dute ikerketako arduradunek: «Saint-Martin eta Izturitze geletan egindako indusketetan sekuentzia estratigrafiko zabala azaltzen da, oso interesgarria Goi Paleolito garaiaren hasiera eta amaiera aztertzeko: hau da, gizakiek haitzuloetan egindako 80.000 urteko historiaren lekuko dira harpeak». Aurignac (K.a. 35.000-28.000 urteetan) aldiari buruz hamar urtez egindako ikerketa lanaren berri eman dute harpeetako ikerketaren arduradunek. «Ikertzaileentzat gune garrantzitsua da Otsozelai, Aurignaceko garai guztiak agertzen baitira bertan», erran zuten. Ikerketek erakutsi dutenez, Izturitze eta Otsozelai Aurignac aldiko gizakiaren elkarretaratze gune bat izan ziren. Horren adierazle dira harpeetan atzemandako tresnak: edergailuak, industria litikoa (harriarekin egindako tresnak) edo hezurrezkoak. Garai honetakoak dira, halaber, kobazuloek eman duten «bitxirik» esanguratsuenetakoa: hegazti hezurrez eginiko txirula sorta (Gravette aldikoak ere bai).

Lan horiek «gizaki modernoaren migrazio bideak hobeto ezagutzeko» parada eskaintzeaz gain, orduko gizakia teknikaren aldetik uste baino askoz aurreratuagoa zela erakutsi dute (Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiek topo egin zuten garai honetan). Kobazuloan hamar urtez egindako ikerketen txosten orokorra eta argitalpen zientifikoak zabalduko dituzte ikertzaileek, eta horrekin batera, harpeak errazkiago miatzeko lan topografikoa egitea ere erabaki dute.

Aurignac aldiko gizakiari buruzko lana bukatu berri dutela, Otsozelaiko harpeen bereizgarri nabarmenena den labar-artea aztertzen hasiko dira. Sei urteko ikerketa lana aurreikusi dute.

Lehen irudiak

1912. urtean Emmanuel Passemardek hasi zituen Otsozelain indusketak, lurzoruaren jabearen, Darricau familiaren, baimenarekin. Hamabost bat animalia irudi topatu zituen Gela Handiko zutabe batean. Irudi horiek berriro ikertu zituzten 1971n. Aita Joxemiel Barandiaran eta Georges Laplace arduratu ziren horretaz, eta ondorioztatu zutenez, irudiotako sei baino ez ziren gizakiak eginak: bi orein, elur-orein bat, hartz bat, ahuntz bat eta zaldi bat. Ehun urteotan irudi gehiago ere aurkitu dituzte, 1989an egindako inbentario baten bidez, labar-artearen ugaritasuna nabarmendu zen. 2000tik 2010era Aurignac aldiko sekuentzian indusketak egin ondoren, labar-artearen aztarna gehiago azaleratu dira: besteak beste, marra gorriak, linea beltz bat eta hormetan sartutako hezurrak.

Aberastasun hori ikusirik, labar-arteari buruzko ikerketa sakona egitea ezinbestekoa dela ohartu dira ikerlariak, eta datozen sei urteei begira, Diego Garate Bizkaiko Arkeologia Museoko teknikariak zuzendutako talde batek ekingo dio lanari. Lan ildo ugari proposatu dituzte proiektuaren helburuak betetzeko, hala nola: haitzuloen plano topografikoa, geologia ikerketa, haitzuloen 3Dko erreplika, labar-artearen azterketa, hormetan sartutako hezur eta sukarrien azterketa, analisi kimikoak eta C14 datazioak, bizilekuaren eta artearen arteko harremanen azterketa, artearen analisi estilistikoa, plastikoa eta teknologikoa.

«Arlo hauek guztiak hurrengo sei urteetan sakonduko ditugu. Ikerketa hauen bidez, Izturitze eta Otsozelai haitzuloek Pirinioetako eta Kantauriko mendilerroen barruan zer-nolako garrantzia izan duten jakingo dugu. Arte-ikerketa lanak berriro hastea beharrezkoa da, eta bizileku, labar-arte eta arte eramangarriaren arteko harremanak aztertu behar ditugu», nabarmendu zuen Garatek.

Isturitz-Oxocelhaya kultur zentroak, Gaztelu elkarteak, baita Tolosako eta Bordeleko unibertsitateek eta EHUk ere hartuko dute parte sei urteko ikerketa lan horretan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo