GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Bazterkeriarik gabe, alderdi anitzen arteko foroa eratzea proposatu du Bilduk

p007_f01_148x091.jpg

GARA | BERMEO

Euskal Herrian normalizazioa eta bakea lortzeko helburuarekin, «herritarren aldarrikapen» honi erantzuteko, «bazterketarik gabe alderdi anitzez osaturiko foro bat» eratzea proposatu zuen atzo Bermeon egindako agerraldian Bilduko eledun Pello Urizarrek.

«Erronka historikoa dugu aurrean. Historia aldatzeko, etorkizuna erabakitzeko, Euskal Herriko etorkizuna definitzeko aukera dugu. Bakearen eta normalizazio politikoaren garaia heldu da, eta prozesu hori errotzeko dugun konpromisoa erabatekoa da. Euskal Herriak hori behar du eta gure lehentasuna izango da, bai udaletan, bai batzar nagusietan, bai aldundietan eta Nafarroako Parlamentuan», esan zuen Urizarrek.

EAko presidenteak adierazi zuenez, «alderdi anitzez eta bazterketarik gabe osaturiko foro baten bidez, herritarren eskaera honi erantzun behar diogu». Horrek indar politiko guztien lehentasuna izan behar duela nabarmenduta, «alderdi guztiei horri ekiteko deitzen diegu, bertan normalizazio politikoa eta bakegintza lantzeko», gaineratu zuen Bilduko ordezkariak.

«Bide luzea dugu egiteko, baina, zalantzarik gabe, urratsak eman ditugu. Hala, indar soberanistak, independentistak, aurrerakoiak eta ezkertiarrak bide politikoetatik soilik lantzeko indarrak batu ditugunetik normalizaziorantz aurrera egiten ari gara. Eta hori ez du inork ukatzen», gaineratu zuen Urizarrek.

Abertzaleen arteko elkarlanean Bermeo aitzindari izan zela nabarmendu zuen, Aramaion eta Oiartzunen bezala, independentziaren aldeko mozioak onartu zituztela gogoratuz. 1991n adostu ziren mozio horiek, EAko eta HBko zinegotziek bultzatuta.

Mozio horiek onartzeak EA Lakuako Gobernutik kaleratua izatea ekarri zuten, baina Urizarrek ez zuela biktimismorik egin nahi argi utzi zuen. «Udalek herriko gauzak lantzeko baino gehiagorako balio zutela ikusten genuen orduan, eraikuntza nazionalerako ezinbestekotzat jotzen genituen, gaur Bildurekin egiten dugun bezala», azaldu zuen.

Horrekin batera, Bermeoko Udalerako Bilduk aurkeztu duen hautagaiak, Idurre Bidegurenek, urte luzez Juan Carlos Goienetxeak egindako lanarekin jarraituko duela esan zuen.

Porlanari ez

Bestalde, Pasaian egindako beste agerraldi batean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Donostialdeko barrutiko Bilduko zerrendaburu Martin Garitanok eta Bidasoa-Oiartzun barrutiko bigarren Lohitzune Txarolak talde honek Pasaiko badia eta Euskal Herriko beste eremu batzuk hobetzeko egitasmoak dituela adierazi zuten, «baina ez dira porlanezkoak».

«Gure helburua Pasaiako eta Euskal Herriko ingurunea babestea da», azaldu zuten.

Ildo horretan, energia aurreztu eta berriztagarriak bultzatu nahi ditu Bilduk. Ingurumena kaltetzen duten energiak albo batera uzteko aukera izango da, Garoñako zentral atomikoa edo Pasaiko ikatzezko zentral termikoa kasu. «Alemanian, Suedian edo Danimarkan egiten badute, zergatik ez Euskal Herrian?», galdetu zuten.

Horrekin batera, Euskal Herriak estatu independentea izan nahi badu, ezinbestekotzat jo zuten elikagaien arloko burujabetza lortzea. «Erronka estrategikoa da eta baldintza duinetan lortu behar dugu, Tolosa, Maule, Agurain edo Irunberriko nekazari eta abeltzainak profesional duinak direlako», esan zuten.

Garraioari dagokionez, egungo mugikortasun ereduak iraunkorra ez delako porrot egin duela nabarmendu zuten. «Bilduk eredu iraunkorra proposatu eta bultzatuko du, eta horren ardatz nagusiak garraio publikoa izan behar du, kalitatezkoa, auto pribatuaren erabilera murriztea ahalbidetzeko», adierazi zuten.

«Urteak daramatzagu PP, UPN, PSOE eta EAJ agortuta dagoen garapen eredu bat planteatzen ikusten. Euskal jendartearen benetako interes eta beharretatik urrun dauden proiektu erraldoiak bultzatu dituzte», adierazi zuten. Pasaiako kanpoko portuak «ekonomiaren eta ingurumenaren hondamendia» baino ez lukeela ekarriko gaineratu zuten, eta horren ordez, Bilduk egungo portuko jarduera bultzatu nahi du, azpiegiturak berritzean ingurumena zainduz eta lanpostu duinak sortzea helburutzat hartuz.

Busturialdea

Sukarrietako udalekuen eremuan Guggenheim museorik ez dela eraikiko nabarmendu zuen Bilduk, «bertako auzokideen lanari esker ondare babestua delako, nahiz eta Aldundiak hori atzera botatzeko ahaleginak egin».

Trebiñu

Trebiñu Arabara ekartzeko konpromisoa azaldu zuten herrialde honetako Bilduko hautagaiek eta Trebiñuko zerrendaburu Nestor Martinezek Gasteizen elkarrekin egindako agerraldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo