GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Imanol Murua Uria, 2011/5/26, BERRIA

Zoruak eta sabaiak

(...) Orain arteko pausoak eta erabakiak indar politiko abertzaleek, nazioarteko eragileek, ETAk eta Espainiako auzitegiek eman dituzte. Oraingoa hautesleek eman dute. Igandeko emaitzek, besteak beste, esan nahi dute 313.000 lagunek ezker abertzaleari sinetsi egin diotela bide politiko hutsen aldeko apustu benetakoa egin duela eta ETAren indarkeria amaiarazteko konpromisoa behin betikoa dela; gainera, Bilduri botoa emateak bake jokalekua finkatu egiten duela uste izan dute. Eta sendotu egingo du, bide politiko hutsek proiektu independentista indartu egingo zuela iragarri zutenei arrazoi eman dielako. Horregatik, zentzu osoa dute ezker abertzaleko bozeramaileek esan dituzten hitzek, alegia, emaitza hauek babesa ematen diotela duela bi urte hasitako apustuari, eta zentzu osoa dute Pello Urizarrek eta Inigo Urkulluk, nork bere ikuspegitik, esan dituztenak: alegia, Bilduren emaitzek ETAren bukaera ekarri behar dutela.

(...) Bilduk erakutsi duen indar horren iraunkortasunari edo iragankortasunari buruzkoa da hauteskunde hauek utzi diguten galdegai nagusietakoa: zer neurritaraino da abaguneak eragindako olatu iragankorra, eta zer neurritaraino mapa politiko berriaren zutabe finkoetako bat, EAJri abertzaleen arteko hegemonia lehiatzeko gaitasuna izan lezakeen indarra.

(...) [EAJk] Gipuzkoako Foru Aldundirako eta Donostiako alkatetzarako bidea libre uzteak Bilduri bultzada eman diezaioke etorkizun hurbilari begira, erakunde handietan ere agintea kudeatu dezakeen aukera gisa indartu. PSE-EErekin tratua eginda, Gipuzkoako eta Arabako erakunde nagusien partiketa eginda, Bildu instituzioetatik kanpo utziko lukete, baina subiranismoaren eremu osoa libre utziko liokete koalizio berriari eta batere sinesgarritasunik gabe geldituko litzateke Gipuzkoako EAJren diskurtsoa, abertzaleei zuzendutako Batu Gaitezen leloak laburbiltzen duen ildoa.

ETArik gabeko jokalekuan ez da Bildu bakarrik indartu. Abertzaleen eta espainolisten arteko indar korrelazioan ere aldaketa gertatu da. Lizarra-Garaziko Itunaren eta su-etenaren garaian gertatu zen, eta orain ere gertatu da. Lehen ere ez zen egia erdia eta erdia ginela, eta are gutxiago orain: Hego Euskal Herriko foru hauteskundeetako emaitza guztiak kontuan hartuta, 744.968 boto atera dituzte indar abertzaleek (EAJ, Bildu, NaBai, Aralar, H1) eta 533.621 boto indar espainolistek (PP, PSE-PSN, UPN, CDN). Berrehun mila baino gehiagoren aldea. Nafarroan inoizko ordezkaritzarik handiena lortu dute abertzaleek Parlamentuan (...).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo