GARA > Idatzia > Euskal Herria

Giro alaiak eta hizkuntz ereduei buruzko eztabaidak ezaugarritu dute Bilboko jaia

Euskal Eskola Publiko euskalduna aldarrikatzeko eguna zen atzokoa eta Bilbo festa erraldoi bilakatu zen, jendetza batu baitzen jaira. Festa errebindikazioarekin uztartu zuenik ere izan zen, Santutxuko Karmelo ikastolako kideak adibidez. Aditzera eman zutenez, euren ikastolak, Lakuako Gobernuaren erabakien ondorioz, nahasmen egoera bizi du. Antolatzaileak gustura agertu ziren jasotako sostenguarekin.

p013_f01_250x116.jpg

Ana ABARIZKETA

Milaka lagun batu ziren atzo Bilbon Euskal Eskola Publikoaren egun handia ospatzeko gogoz. Milaka lagun Bilboko erdigunea festaz marrazteko asmoarekin. Adin guztietako jendea batu bazen ere, txikienak izan ziren nagusi, eguna, batez ere, beraiek gozatzeko makina bat ekitaldiz osatuta baitzegoen.

Eguraldia ere festara batzeko gogotsu agertu zen, eta, hala, goiz-goizetik ekin zioten jaiari Euskal Herriko toki anitzetatik gerturatutako guraso, irakasle, ikasle eta aiton-amonek.

Hogei urte igaro dira aurreneko Euskal Eskola Publikoaren festa Lasarte-Orian ospatu zenetik. Ordutik Bilbok festa hartu izan badu ere, aurtengoa berezia zen, ospakizunak hiriburuko erdigunera bertara salto egin zuelako. Bost gunetan banatu ziren ekitaldiak: Arriaga plaza, kaia, Areatzako pasealekua, Erripako kaia eta La Nafarren gunea. Antzerkia, magia, txotxongiloak eta beste hainbat eta hainbat ekitaldi egon ziren. Edonork aurki zezakeen gustuko zerbait.

Inaugurazio ekitaldia 11.00etan egin zen. Arriaga antzokiaren atondora hurbildu zirenen artean zeuden Isabel Celaa Hezkuntza sailburua eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, baita Ibone Bengoetxea Bilboko Hezkuntza zinegotzia eta hainbat legebiltzarkide ere. Hezkuntza, sindikalgintza, kultura eta euskararen arloko ordezkariak ere ez ziren falta izan.

Festaren gune nagusietako bat izateaz gain, errebindikazio gune ere izan zen Arriaga plaza. Izan ere, antzokiaren aurrealdean bertan, sindikatuek hezkuntza arloko murrizketak onartzen ez dituztela gogorarazi nahi izan zieten agintariei. ELA, LAB, STEE eta EILAS sindikatuek bertan zintzilikatu zituzten «Haurren eskoletan murrizketarik ez» edota «Hezkuntzan atzera pausorik ez, zerbitzu publikoak indartu!» goiburudun pankartak.

Geroz eta ezagunagoak diren kamiseta arrosez ere josi zen Arriagako ataria. Bilboko Santutxu auzoko Karmelo ikastolako guraso, irakasle eta umeak ziren. Erantzun eske baina festa giroan joan ziren; izan ere, atzokoa, ikastola publiko diren heinean, Karmeloren eguna ere bazen.

«Karmelo ikastola bizirik!»

Festa eta errebindikazioa batu ziren, beraz, Bilbon. Txilibitu eta pankartak eskuetan, Karmelo ikastolakoek euren errebindikazioak plazaratu nahi izan zituzten, batez ere Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari zuzenduz. «Celaa entzun, Karmelo Santutxun» oihuka, orain arte Hezkuntza sailburuarekin lortu ez dutena lortzea zuten xede: Administrazioak ikastolarentzat dituen asmoak bertan behera uztea. Izan ere, Karmelo ikastola Santutxutik Boluetara lekualdatzeko xedea du Administrazioak, baita ikastola Mina del Morro ikastetxearekin bat egitea ere. Karmelokoek, ordea, ikastolak Santutxun jarraitzea eta «bere izaera propioa mantentzea» dute helburu. Horretarako, Lakuako Hezkuntza sailarekin hitz egin nahi dute.

«Guk alternatibak planteatzen ditugu eta ez gara ezezko hutsean gelditzen. Proposamenetara irekita gaude, baina ez inposizioetara. Hortik ez gara pasatzen, gure proiektua desagerrarazten duelako», zioen atzokoan Urtzi Goitia Karmelo ikastolako gurasoak.

Izaera propioa duen ikastola da Karmelo, urteen poderioz bere proiektua definitzen jakin duena. «Hainbat ezaugarri ditugu eta babestu nahi ditugu», azaldu zuen Goitiak. Karmelo ikastola berezi egin duten ezaugarri horien artean, honakoa ere badago: «Esatea latza bada ere, jolastokian euskaraz hitz egiten entzuten den Bilboko ikastola bakarrenetakoa da Karmelo». Beraien seme-alabekin «esperimenturik» onartuko ez dutela ere argi esan zuten gurasoek: «Gurea hobetu daiteke, noski, baina guk hobetuko dugu».

Hirueletasuna, jopuntuan

Festari ofizialki hasiera emateko goizeko ekitaldian Isabel Cellak eta Iñaki Azkunak hartu zuten hitza. Azkunak atzokoa «kalitatezko Euskal Eskola Publikoa» aldarrikatzeko eguna zela esan zuen, eta Bilbon «ondo hezitako jendea» behar-beharrezkoa dela ere gaineratu zuen.

Celaak, bere partetik, eskola publikoak «Lasartetik Bilbora bide luzea» jorratu behar izan duela nabarmendu zuen. Hori bai, argi utzi nahi izan zuen egun hezkuntza publikoa orain dela hogei urte Lasarte-Oriako jaia egin zenean baino «sendoagoa» dagoela. Era berean, «aurreneko aldiz», hezkuntza publikoa ikasle gehien dituen hez- kuntza sistema dela azpimarratu zuen. Publikoaren eta pribatuaren ikasle alde oso txikia bada ere, datu hori «zerbait ondo egiten ari garenaren seinale» dela azaldu zuen Hezkuntza sailburuak.

Era berean, nazioarteko egoera ekonomiko «larriak» administrazio publiko guztiak «kudeaketa zorrotza» egitera derrigortzen dituela azaldu zuen Celaak. Hezkuntza publikoak hirueletasunera irekitako eskola izan behar duela ere aldarrikatu zuen.

Hezkuntza Sailak hirueletasuna ardatz hartuta burutu nahi dituen aldaketen inguruan mintzatu zen Arantza Aurrekoetxea EAJko legebiltzarkidea ere. Euskara, gaztelera eta ingelesaren «jakituria mailak zehaztu arte» EAJk ez duela proiektua babestuko garbi utzi zuen. EAJko Legebiltzarkidearen ustez, hiru urteko «esperimentazioa» izan da hirueletasunarena, oraindik ere helburuak ez baititu finkatu. «Ez dakigu nora bideratuko gaituen marko honek», berretsi zuen Arantza Aurrekoetxeak.

EHIGE, kontent

Instituzioetatik at, EHIGE gurasoen elkarteak arratsalde partean balorazio erabat positiboa egin zuen Euskal Eskola Publikoaren Egunaren inguruan. Aurreikusitako jarduera guztiak normaltasunez egin zirela nabarmendu zuten, baita bazkalorduan «pintxo eta paella guztiak» amaitu zirela ere.

Aurretik, goizean, Ana Puente EHIGEko presidenteak Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustua berretsi zuen. Horretarako, Euskal Eskola Publikoaren ezaugarriak azpimarratu zituen: «Berritzailea, doakoa, guztiona, solidarioa, euskalduna, laikoa, autonomoa...».

Bestalde, egunak gonbidatu ezagunak ere izan zituen, batik bat festan zeharo murgildu ziren txikientzako. Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ez zuten hutsik egin, eta, beste behin ere, jendetza batu zuten. Atzo Areatzako kaia izan zen pailazoon arrakastaren lekuko. Txan Magoa eta Bazen Behin Clown taldea ere Bilbon izan ziren.

Dantzaz eta musikaz bete ziren Areatzako txoko guztiak. Sormena proban jartzeko aukera ere izan zuten haurrek margoak eskuetan. Baita kirol ezberdinak praktikatzekoa ere. Arriaga plazan, Areatzako kaian, Areatzako pasealekuan, Erripako kaian eta Najan kokatutako bost guneetan banatuta, festa biribila egin zen Bilbon. Azken soinuak Vendetta talde nafarraren eskutik iritsi ziren, 19.00etatik aurrera.

Denak kontent, beraz, atzoko egunarekin. Eta, gaurtik aurrera, datorrena prestatzea tokatzen da. Atzo egin zuten lekuko aldaketa eta Zarautzeko Orokieta herri eskolako zuzendari eta ikasketa buruari pasatu zioten lekukoa. Izan ere, Gipuzkoako kostaldeko herrian ospatuko da datorren urtean Euskal Eskola Publikoaren Eguna.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo