GARA > Idatzia > Kultura

Antzerkitik poesiara, liburuen itzalean hamaika bizimodu eta bat gehiago

Antzerkiarekin ekin eta poesiarekin buka, atzoko jardunak itxi zuen Literaturia, idazle eta irakurlearen arteko harreman zuzen-zuzena eginda.

p056_f01_250x92.jpg

Anartz BILBAO

Hori Bai gaztetxetik plazara zabaltzen den kalean, eta handik Anguleri kultur etxera, makina bat kontu izan ditugu egunotan Larrabetzun, eta mintzatu gara musikaz, literaturaz, bizitzaz, maitasun eta gorrotoez –herrian han-hemenka, aipu literarioak daude zintzilikatuta, eta liburuak “hegan”–. Aste bukaera osoan zehar egitarau oparoa eta eguraldia lagun izan ostean, ekimena dagoeneko ohiko bihurtu den Hori Bai gaztetxeko poesia irakurtaldiak itxi zuen... eta iragarri bako sorpresatxoak.
Izarretara ez akaso, baina afixak ageri duen hodei arteko bidaian jarri gaitu Literaturiak, kosmonautak bagina legez. Bidaia horretan Afrikan izan ginen herenegun, kontinente beltzari eskainia baita Bernardo Atxaga eta lagunek aurkeztu zuten “Erlea” aldizkariaren laugarren alea.
Euskaltzaindiak plazaratzen duen aldizkaria jendaurrean agertzeko, asteasuarra Miel A. Elustondok lagunduko zuela idatzi genuen atzo, eta honen ordez Kepa Altonaga izan genuen hizlari, Etxepare Aldudeko medikua ezagutzera emateko. Gainontzekoan, Anarik saio ederra egin zuen “Iceberga” olerkiaren sortze prozesua ezagut genezan, eta besteak beste bideoan Bikila ikusi genuen Erromako maratoian ortozik!, eta garaile (Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortzen zuen lehen afrikarra bihurtu zen, marka guztiak hautsita).
Herenegungo kontuak argituta, atzo antzerkiari buruz berbetan abiatu zen jarduna, Angulerin hogei bat lagun zirela, gehienak arte eszenikoen munduari lotuak, antzezle edo antzerkigile. Aurten ahaztu samar dugun literatura atal horri begirada berezia egin nahi izan zaio, eta EHAZEk (Euskal Herriko Antzerki Zale Elkarteak) azokan euskaraz diren antzerki liburu sorta ederra paratu du.
Baina egunero legez, aurkezpen andanak bete zuen eguerdi partea. Batzuk baino ez aipatzearren, Ima Erreak Denonartean aurkeztu zuen, beste literaturetako lanak itzuli eta euskarara ematen dituen argitaletxe nafarra –besteak beste Stephen Hesselen “Haserretu zaitezte” plazaratu dute–; «aurten euskal literaturan izan den nobedade nagusienetarikoa dugu», aurkezpeneko gidari Patxi Gaztelumendiren esanetan.
Utriusque Vasconiaeko Ibai Iztuetak Antonio Casado de Rocha lagundu zuen, honek Pernan Goñi marrazkilariarekin “Esku ezkerraz” poesia liburua aurkez zezan, «euskaldun berri izateaz eta euskaltegiaz» mintzo dena. Poesiarekin jarraituz, Paddy Rekaldek, Oier Guillanen galderei erantzun eta “Spray” izan zuen mintzagai (Susa), «literatura emozionala eta beroa» aldarrikatuta.
Harkaitz Zubirik itzulpen lanei eta itzulpengintzari buruzko solas interesgarria gidatu zuen Unai Elorriaga eta Beñat Sarasola kide zituela, lehenak Adam bodorren “Artzapezpikuaren bisita” (Elkar) eta bigarrenak Philip Rothen “Nemesis” (Mettok) itzuli baitituzte. Eta Lapiko Kritikoaren “HausnART” aldizkari akademiko labetik atera berria ezagutu baino lehen, musika ere izan genuen airean, Iban Zalduaren “Biodiskografiak” (Erein) lan bereziari esker –ipuin laburren sorta–.

Euskaltzaindiari eskaria
Topagunean herri osoak hartzen du parte, eta eskoletan izan diren herri bazkarietan, esaterako, guraso elkarteak egin ditu sukalde kontuak, txukun. Jan-edanak ematen duen berotasunean gainera, komunikatu edo ekimen bat bultzatu du aurten Edorta Jimenezek, Euskaltzaindiari zuzendua. Bertan, espainiar monarkia betirako izango ez dela eta frantziar errepublikan ere euskaldunak badirela kontutan izanda, Real izate hori izenetik ken dezala egiten da eskaera, eta Espainiar Sari Nazionaletara euskal ordezkaria bidaltzeak min egiten duela iritzita, bertan parte hartzeari muzin egin diezaiola eskatzen dio erakundeari –bazkalondoan sinadura bilketa abiatu zen–.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo